Mugikorraren erabileraz hausnartzeko Zeos programa jarriko dute martxan, bihartik aurrera
Gazteen ongizate digitala eta emozionala lantzeko programa da Zeos. Aurten, DBHko 1.maila hasi duten ikasleen %40ek mugikorrik gabe hasi dute ikasturtea Seguran.
Familia askotan kezka iturri eta hezkuntza komunitatearentzat erronka nagusietako bat bihurtu da mugikorren, eta oro har, pantailen gehiegizko erabileraren aurrean nola jokatu asmatzea. Kezka eta erronka hauei erantzuteko gazteen ongizate digitala eta emozionala lantzeko Zeos programa eskainiko dute Seguran bihartik, Segurako Altxa Burua mugimenduak antolatuta.
Zeos programa Maitane Ormazabal (Zumarraga, 1983) terapeutak eta Telmo Lazkano (Zumaia, 1994) sare sozialetan eta pantailetan adituak sortutako tresna da, hain zuzen, gaztetxo eta nerabeen digitalizazioaren inguruan eta hauek eragin ditzaketen menpekotasunei buruzko lanketa sustatzeko helburuarekin. Aimar Balerdi Segurako Atxa Burua mugimenduko kideak adierazi duenez, «helburua informazioa zabaltzea da, gai honen inguruko hausnarketa sustatzea norberak bere ondorioak atera ditzan».
Doako lau saio
Bihar arratsaldean hasita, doako lau saiok osatuko dute Zeos programa. Bihar 18:00etan emango diote hasiera lehendabiziko saioari Botikaxahar kultur gunean, «nerabeen gurasoei zuzenduta». Gainontzeko saioak urtarrilaren 16an, 21ean eta 23an izango dira, leku eta ordu berean.
Balerdik azpimarratu duenez, azken helburua ez da mugikorra debekatzea: «Gure seme-alabei smartphone bat ematen diogun garaian zer ematen ari garen jakitea da helburu nagusia, erabilera arautua izan dadila gure gazteek eta nerabeek nola erabili dezaketen jakin dezagun. Bidelagun izan behar dugu», gaineratu du.
Pausoka helburuak lortuz
Segurako Altxa Burua mugimendua orain urte bete inguru sortu zen mugikorraren erabileraren inguruko kezka partekatzen zuten hainbat gurasoren ekimenez. «Jakitun ginen beste herri batzuetan mugimendua jada martxan zegoela eta hortik hasi ginen», kontatu du Balerdik. Miren Ros adituarekin hitzaldi bat antolatu zuten pasa den urteko otsailean, eta hitzaldi horren ostean sortu zen «formalki» mugimendua Seguran.
Ikasturte hasieran taldea aurkeztu zuten Laiotz herri eskolan eta eskolaren egoera nolakoa den jakiteko galdetegi bat ere egin zuten bertan. Mugikorra zenbat ikasleek duten edo etorkizunean seme-alabei smartphone bat erosteko asmoa zenbatek duten jakitea izan da helburua, besteak beste. «Pozik» dago Balerdi jasotako erantzunarekin, «lanketa honi esker, aurten DBH 1. mailan hasi diren ikasleen %40k smartphone-ik gabe hasi dute ikasturtea», azaldu du. Geurea erabili dezakezu kanpaina ere martxan jarri nahi dute Seguran, eta dagoeneko jarri dira harremanetan herriko merkatari eta tabernariekin.