Astunera joango dira eskiatzera Izadi Zaleak elkarteko mendizaleak
Irteera otsailaren 8an eta 9an egingo dute, eta dagoeneko zabalik dago izenak emateko epea, elkartean bertan, astearte eta ostegun arratsaldeetan.
Izadi Zaleak mendi elkarteak urtero otsailean duen hitzordua prestatzen hasi da, eski irteera. Otsailaren 8an eta 9an egingo dute aurten, Canfranc aldera, handik Astun eski estaziora joateko.
Eski alpinoa egiteko zein elur erraketetan ibiltzeko irteera izango da. Pico Monje, Izas Kanala, Canal Roya dira erraketekin ibiltzeko aukerak, edo elurraren baldintzen arabera, beste ibilbide alternatibo batzuk ere izango dira. Eskiak estazioan bertan alokatzeko aukera izango da, eta erraketak, kranpoiak eta pioletak Izadi Zaleak elkartean daude eskuragarri, 5 euroan unitatea federatuentzat eta bazkideentzat, eta 15 euroan besteentzat.
Otsailaren 8an, larunbata, 05:30ean abiatuko dira autobusez Industrialdetik. Prezioa 85 eurokoa da helduentzat eta 60 eurokoa gazteentzat, eta bertan sartzen da ostatua, afaria eta gosaria. Gaua Canfranceko Aterpetxean egingo dute, eta afaria, Universo jatetxean izango dute. Izena ematean 20 euroko fidantza jarri beharko da. Plaza mugatuak daude.
Izena emateko astearte eta ostegun arratsaldeetan elkartea joan behar da, 18:30etik 19:30era.