Iztueta baserriaren ate irekiak, igandean
Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioarekin batera, Iztueta Baserriak bere abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia, lan formak eta baserria erakutsi nahi dizkie urtarrilaren 19an, igandea, Naturarekin orekan jarduerara bertaratzen diren bisitari guztiei. Baserriko bizimodua ezagutzeaz gain ekoizten dituzten kalitate handiko produktuak dastatzeko aukera izango dute bisitariek, eta, bide batez, inguruko paisaia paregabeaz gozatzekoa.
Iztueta Baserrian belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin lan egiten, eta beren animalien ongizatea eta elikadura zaintzen dituzte, ingurugiroa eta iraunkortasuna oinarri hartuta. Gainera, ziklo guztiaz arduratzen dira, beren produktuetan kalitate gorena bermatzeko. Hitzordua goizeko 11:00etan izango da baserrian bertan, eta 2 orduko iraupena izango duen bisita egingo da.
Helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta 6 euro haurrek. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Horretarako Aralarko parketxearekin harremanetan jarri behar dira interesa dutenek, 943 180 335 / 688 895 069 telefonoen bidez edo korreo bat idatziz barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera. Familia giroan goiz eder bat pasatu nahi duen edonori luzatu nahi dio proposamena Iztueta Baserriak.