Ligaren ekuatorean sailkapen nagusian seigarren dago Beasain
Urdulizen aurkakoan 4-1 gailendu da Beasain, hiru puntu gehituz. Bigarren itzulia asteburuan hasiko dute, Durangoren aurka. Mikel Arruabarrena entrenatzaileak orain arteko balorazio «positiboa» egin du.
Gizonezkoen futboleko hirugarren federazioko Liga ekuatorera iritsi da. Iragan asteburuan, 17. jardunaldia jokatu zuen Beasainek, Urdulizen kontra, eta 4-1ekoa izan zen emaitza, beasaindarren alde. Markel Pitak bi gol (28. eta 54. minutuetan), Eizagirrek bat (36. minutuan) eta Jon Gaztañagak beste bat (63. minutuan) egin zituzten. Azkeneko garaipenak, sailkapen nagusiaren seigarren postuan jarri ditu. Liga hasiera nolakoa izan zen ikusita, lan gogorra fruituak ematen ari den seinale.
Atzetik aurrera ari dira beraz, pixkanaka konfiantza hartzen, eta Beasain talde indartsua dela erakusten. Azken asteetako emaitzei erreparatzea baino ez dago; azken sei jardunaldietan ez dute partida bakar bat galdu, puntuak bata bestearen atzetik gehitzeko balio izan diena, sailkapen nagusiaren lehen postuetan kokatu arte. Denbora kontua zen.
Ligaren puntu honetan egonik, Mikel Arruabarrena entrenatzaileak Ligaren lehen zatiaren balorazioa egin du: «12 jokalari berrirekin hasi genuen denboraldia, talde gaztetuarekin, eta gainera, egutegiak ere ez zuen lagundu, oso aurkari gogorren aurka jokatu behar izan genuen Ligaren lehenengo jardunaldietan, gure taldea erabat egonkortu gabe zegoenean oraindik, eta gainera, aurreneko bi emaitzek konfiantza eza sortu zuten».
«Jokalari garrantzitsuak bere mailan jarri dira eta berriak ere asko ematen ari dira»
«Itzulikoa ondo hasi nahi dugu, Durango bezalako talde gogor baten aurka»
Mikel Arruabarrena. Entrenatzailea
Kolpe handi xamarra ere Kopatik kanpo geratu izana Cartagenaren aurka. Partidaren azkeneko minutuan galdu zuten hurrengo faserako txartela, nahiz eta Beasain hiru maila beherago egon, etsitzen ez duen taldea dela erakutsiz, bai klubarentzat bai zaletuentzat oso ilusionagarria izan zena.
Ordutik, «aldaketa handia» eman zen taldean, eta asteak aurrera joan ahala, taldea «finkatzen» joan zela nabarmendu du Arruabarrenak: «Jokalari garrantzitsuak bere mailan jarri dira eta berriak ere asko ematen ari dira». Hala, joanekoaren amaierara iritsi dira «gauzak oso argi» dituztela, eta gainera «emaitzak ere laguntzen ari dira».
Ligako lehenengo jardunaldien aldean, atzeko aldea «ondo ixtea» lortu dute, eta horrela, «gol gutxiago» jasotzea. «Dinamika horretan jarraitzea» da entrenatzailearen nahia.
Itzulikoa
Itzulikoa, igandean hasiko dute Durangoren aurka, 12:00etan, Loinazko futbol zelaian. Joanekoan, 2-0 izan zen emaitza durangarren aurka. «Itzulikoa ondo hasi nahi dugu, Durango bezalako talde gogor baten aurka», esan du entrenatzaileak. Durango, mailaz igotzeko taldea da, nahiz eta denboraldian zehar emaitzek ez dioten lagundu eta sailkapen taulan behean egon, edozein unetan sorpresa eman dezakeen horietako bat da, eta Arruabarrenaren mutilak horren jakitun dira. Hala izanda ere, azken asteetako dinamikari eusten ahaleginduko dira beasaindarrak.