Megalitoiei buruzko erakusketa zabalduko dute Ataunen
'Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak' erakusketa hobeto ezagutzeko bi bisita gidatuko ditu Jose Antonio Mujikak larunbatean. Barandiaran museoan egongo da ikusgai otsailaren 16ra arte.
Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak erakusketa zabalduko dute larunbatean Ataungo Barandiaran Museoan. Irekieraren egunean bi bisita gidatuko ditu Jose Antonio Mujika historialariak (euskaraz 11:00etan eta gaztelaniaz 12:00etan). Izena ematea derrigorrezkoa da (barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943180335 / 688 895 069).
Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak sustatu, koordinatu eta ekoitzi du, eta Juan Carlos Lopez Quintanak (Agiri Arkeologia Elkarteko ikertzaileak), Jose Antonio Mujikak (UPV/EHUko historiaurreko irakasleak eta Jose Miguel Barandiaran katedraren zuzendariak) eta Javier Fernandez Erasok (UPV/EHUko katedradunak) komisariatu eta dokumentatu dute.
Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak
Megalitoak lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira, eta mendebaldeko Pirinioetan gertatu ziren aldaketak islatzen dituzte, zehazki euskal mendietan, non emakume eta gizon taldeek natura etxekotzen ikasi zuten, eta lehenengo aldiz paisaia eraldatu zuten nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiapenen eta lurralde antolamenduaren bitartez. Aire zabaleko egonlekuak, laborantzarako eremuak, abeltzaintza zonak, basoak, eta nagusiki, inguru naturalean ezarri zituzten monumentu megalitikoak.
Erakusketan V. milurtekoaren azken herenaren eta gure aroaren aurreko I. milurtekoaren amaieraren arteko aldia jorratzen da, garai horretan eraiki baitzituzten megalitoak. Aldi berean, erakusketak trikuharrien, menhirren, harrespilen eta tumuluen forma arkitektonikoak erakusten ditu, horien neurriak azaltzen ditu eta zertarako eraiki ziren erakusten du: lurperatzeko eta errituak egiteko lekuak ziren, eta espazioaren okupazioaren erreferenteak dira, beste batzuen artean.
Bisitariek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dauden mota horietako 1.000 monumentu baino gehiago, klima aldaketen ondorioak eta aldi horretan gertatu ziren paisaiaren eraldaketak ezagutu ahal izango dituzte, baita XIX. eta XX. mendeetako ikertzaile aitzindarien lana ere.