Ordizian hamaika sagardotegi egon zirenekoa
‘Ordiziako sagardotegiak XIX. eta XX. mende hasieran’ bisita gidatua egingo dute larunbatean. 36ko gerraren aurretik 11 sagardotegi egon ziren. Fernando Aranak irekiko du bihar Goierriko txotx denboraldia Tximista sagardotegian.
Ordizian garrantzi handikoa izan da sagardoa historikoki. Horixe adierazten du XX. mende hasieran Ordizian izan zen sagardotegi kopuruak. Sagardoaren garrantzia ulertzeko eta sagardotegien historia ezagutzeko, larunbatean, 11:00etan, bisita gidatua egingo dute Ordiziako turismo bulegotik abiatuta. D’Elikatuzekoek 11 sagardotegiren erreferentzia dute. Gaur egun bakarra geratzen da, Tximista. Hain zuzen ere, bihar bertan irekiko dute aurtengo Goierriko sagardo denboraldia, Ordizian azkena itxi zen Arana sagardotegiko ondorengoa den Fernando Aranaren laguntzarekin.
Testu zaharrena 1014koa
Sagardoaren garrantzia ulertzeko, denboran atzera egin du D’Elikatuzeko Gema Lopezek: «Gaur egunera arte iritsi den eta euskal sagardoaren ekoizpena aipatzen duen testurik zaharrena 1014koa da. Iruñeko Antso III.a erregeak Leireko monasterioari Gipuzkoan egindako lur-emate bati buruz latinez idatzitako testu ba da». Euskal Foruetan ere «presentzia handia» izan du eta «Ordenantza eta lege ugarik sagarrondoari, sagardoari eta sagarrari buruzko legedi aberatsa osatzen dute urteetan zehar».
Lege horietan batez ere, «ganadua edo animaliak sagarrondoetan sartzea debekatzen da, eta sagarrak lapurtzen saiatu zirenak inolako begirune edo errukirik gabe zigortzen zituzten». Adibide bat jarri du: «1457ko Gipuzkoako ordenantzek heriotza zigorrera kondenatzen zituzten gutxienez bost sagarrondo basati mozten edo kaltetzen zituzten guztiak».
Gainbehera
Artoaren etorrera, Araban eta Nafarroan ekoitzitako ardoaren kontsumoa zabaltzea, euskal baleazaleek Ternuan, Groenlandian, Norvegian eta Islandian arrantzatzeko eskubidea galtzea, edo baserritarrak pinuak landatzen hastea dira sagardo ekoizpenaren gainbeheraren arrazoi nagusienak. Gipuzkoa da sagarrondoak landatzeko eta sagardoa egiteko ohiturari eutsi dion herrialde bakarra.
20ko hamarkadan 30.000.000 litro sagardo ekoizten ziren batez beste, «baina 36ko gerrak eta ondorengo urteek atzerakada ikaragarria ekarri zuten». Ordiziako 11 sagardotegiek 1931. urtean, 177.580 litro sagardo ekoitzi zituzten eta Aldundiak 30eko hamarkadan diruz lagundutako sagarrondoak 277 izan ziren, 169 txertatuak eta 11 txertatu gabeak.
Urtarriletik aurrera
Orduan ere, gaur egun bezala, urtarrilean hasten zen, txiritik, «edalontzietan saltzeko» sagardo denboraldia; lau hilabete inguru irauten zuen. Ondoren, «sagardotegian bertan botilaratuta kontsumitzen zen». Hori bai, sagardotegi gehienetan sagardoa bakarrik saltzen zen, «janaria enkarguz izaten zen gehienetan».
Lopezen esanetan, «salmenta handieneko orduak» eguerdia izaten zen, langileak CAFetik bazkaltzeko irten eta berriz itzultzerakoan. «Edalontziak uztaietan apuntatzen ziren klarionarekin; hainbeste marra, hainbeste edalontzi». Iluntzean ere «giro handia» egoten zen, «sagardotegitik sagardotegira txikiteatzen zenean».
Ordiziako sagardotegi batzuek sidra achampanada egiten zuten eta enpresei saltzen zieten sagardoa, egonkorragoa eta bidaia luzeetarako egokiagoa zelako. «Hego Amerikara asko bidaiatzen zen orduan».
Ordiziako sagardotegien historia gehiago jakin nahi duenak etzi du aukera, 5 euroren truke, 11:30ean, D’Elikatuzetik abiatuta. Amaieran, sagardoa eta gazta dastatzeko aukera izango da. Izen-ematea D’Elikatuzen egin behar da: turismo@ordizia.eus – 943 88 22 90.
Sagardotegiak
- Zacarias Antia. 1931n 11.700 litro sagardo ekoitzi zituen, eta 1932an 3.600 l.
- Daniel Irizar. 1931n 1.620 l.
- Jose D. Lasa. 1931n 900 l.
- Ignacio Jauregi. 1931n 2.700 l. eta 1932an 450 l.
- Lucio Nazabal. 1931n 2.700 l.
- Andres Aranburu. 1931n 13.230 l. eta 1932an 4.770 l.
- Gumersindo Hidalgo. 1931n 18.000 l. eta 14.400 l.
- Jose Luis Munduate. 1931n 8.100 l. eta 1932an 2.700 l.
- Jose D. Luluaga. 1931n 7.660 l.
- Enrique Arana. 1931n 10.800 l. eta 1932an 9.000 l.
- J.R. Erauskin. 1931n 2.250 l.
Sagarrondoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 30eko hamarkadan diruz lagundutako Ordiziako sagarrondoen zerrenda:
- Altamira baserria. Ramon Arizmendi. Etxaburu lursailean, 53 sagarrondo txertatu.
- Upabia baserria. Andres Aranburu. Erdiko basoan. 54 sagarrrondo, txertatu gabeak.
- Oianguren Txiki baserria. Jose Antonio Mujika. 60 txertatu.
- Zabale baserri. Francisco Irastorza. Errekalden. 54 sagarrondo, txertatu.
- Zabale baserria. Ignacio Goiburu. Txokoan. Txertatu gabeko 56 sagarrondo.