Mundu osoko sukaldaritza ezagutzeko aukera
Urretxuko Udalak, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren bitartez, Sukaldanitzak sukaldaritza ikastaroaren zazpigarren edizioa antolatu du. Jatorri ezberdineko herritarrek elkarrekin kozinatuko dute eta, hala, guztiek elkar ezagutzeko eta herrialde ezberdinetako sukaldaritzaren berri izateko aukera izango dute.
Sukaldaritza tailerrak urtarrilaren 25ean hasiko dira. Lehen egun horretan eta otsailaren 8an atzerriko errezetak landuko dira. Otsailaren 22an parte hartzaileek euskal errezetak ikasteko aukera izango dute. Amaitzeko, martxoaren 15ean, berrikuntza bezala eta ramadanarekin bat egin nahian, ilundu baino lehen egingo da tailerra.
Azken larunbat horretan Senegal, Maroko, Sahara eta Pakistango jakiak kozinatuko dituzte. Ondoren, iluntzean, baraualdia elkarrekin apurtuko dute. Lehenengo hiru saioak 10:30etik 14:30era bitartean egingo dira eta azkena 16:00etatik 19:00etara. Saio guztiak Goierri elkartean egingo dituzte. Jardunaldi bakoitzean 20-25 partaide bilduko dira eta erosketak egitera joango dira elkarrekin, gero beharko dituzten osagaiak erostera. Elkartera bueltan, platera kozinatzen ikasiko dute eta amaitutakoan elkarrekin prestatutakoa elkarrekin dastatuko dute familia giroan.
Izena emateko epea zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek 693 900 568 zenbakira deitu behar dute edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi.