Saharar errefuxiatuen egunerokora gerturatzeko errealitate birtualeko saioa
‘Gerturatzen gaituen errealitatea’ izeneko saioa egingo dute larunbat honetan. Helburua errealitate birtualaren bitartez Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako errealitatea herritarrei gerturatzea da.
Saharar errefuxiatuen errealitatea herritarrei gerturatzeko asmoz Gerturatzen gaituen errealitatea izeneko erakustaldia antolatu dute larunbat honetarako Zegaman. Proiektua Sinergos gobernuz kanpoko erakundearena da eta argazkiak, testuak eta errealitate birtualeko betaurrekoen bidez saharar errefuxiatuek kanpalekuetan bizi duten egoera ahalik eta modu errealenean erakustea da asmoa. Errealitate birtualaren bidez, saharar herriarekiko sentsibilitatea bultzatzea eta emakumeek eta haurrek jasaten duten giza eskubideen urraketa salatzea dira helburu nagusiak. Saioa 11:00etatik 13:30era gauzatuko da erabilera anitzeko gelan.