San Blas iritsi da Ordiziako feriara, opil forma hartuta
Hotz egin du gaur goizean, baina produktu berrien aurkezpenerako ez da eragozpen izan hori. Eztiarekin eta erleen beste produktu batzuekin egindako kutixiak aurkeztu ditu Balerdipekok, eta sagar berriak iritsi dira.
Errege erroska oraindik digeritu gabe dugunean, beste gozoki bat jarri digu aurrean egutegiak. San Blas eguna gerturatzen ari da, eta santu horren izenean egiten den opila eskaintzen hasi dira Ordiziako azokan.
Maite Iturbe okin legazpiarrak du salgai dagoneko, berak Udanako okindegian egindakoa. Opil txikiak dira, ohiko geruza zuri gozoa gainean dutela, eta San Blas hitza bera txokolatez idatzita. Opil bakoitza 2 euroan du salgai, eta garu goizean gustura asko hartu dituzte erosleek, martxa onean saldu dituelako eramandako guztiak.
Oraindik bi aste falta dira otsailaren 3rako, eta datozen asteazkenetan ere izango ditu salgai.
Erlearen produktuak
Gozo kontuetan ez da opil hori izan goizeko berritasun bakarra, Balerdipeko ezti saltzaileek ere aurkeztu dituztelako produktu berri gehiago. Batetik, eztiarekin egindako kakao krema, kakao krema zuria eta pralinea aurkeztu dituzte, eta bestetik, propoeztia eta argizarizko bilgarriak.
Mattin Jauregiren ardurapean egon da postu hori gaur, eta erak aurkeztu ditu kakao krema, kakao krema zuria eta pralinea. Kristalezko potetan ontziratuta zeuden, eta bakoitzaren prezioa 6,60 eurokoa da, baina hiruak batera erosita, 18 euroan geratzen dira.
Bigarren berritasuna, propoeztia zen, hori ere kristalezko potean ontziratuta, bakoitza 18 euroan. Izenak berak iradokitzen duen bezala, propolia eta eztia nahastuta egindakoa da. «Jende askori ez zaio gustatzen propoliaren zaporea, eta eztiarekin nahastuta, gozoagoa da, errazagoa hartzeko», azaldu du Jauregik.
Argizarizko bilgarriena, berriz, Ehule enpresarekin batera landutako proiektua da. «Argizaria daramaten telak dira, eta potoei tapa gisa jartzeko, edo haurren merienda biltzeko balio dute. Erabiltzeko erraza da, eskuen berotasunarekin argizaria bigundu eta itsatsi egiten delako». Behin baino gehiagotan erabili daitezke, eta plastikoa eta zilar papera alboratzeko aukera polita dira. Loteak 13 euro balio du.
Sagar mota berriak
Sagarrak ere aipatu behar dira, bi mota gehiago iritsi direlako gaurko feriara. Batetik, Maria Jesus Oriak mokotxa sagarra jarri du salgai, kiloa 2,5 euroan, eta bestetik, Simon Aizpuruk, Mendiola sagarra, kiloa 3 euroan.
Mendarteko txorizoa eta saltxitxoia
Haragi kontuak ez dira maiz aipatzen Ordiziako feriari lotuta, baina oraingoan lekua egin behar zaie, Zeraingo Mendarte baserritik datozelako, eta Iñaki eta Jokin Intxausti anaiek kudeatzen duten postuan salgai daudelako. Baserri horretan bertan hazitako txerrien haragiekin egindako txorizoa eta saltxitxoia zuten salgai bi anaiek gaur, 8 euroan bakoitza. Jokinek esan duenez, “behin probatzen duenak, berriz etortzen da erostera”.
Hotza, eta bisiten itzulera
Gaurko feriari dagokionez, azkenik, hotz egin duela ere esan behar da, eta saltzaileen artean hartu dituztela hotz horri aurre egiteko hainbat neurri. Hala, postu batean eskuetan betiko ur poltsa beroa eskuetan zuela zebilen saltzen baserritar bat, eta beste batzuetan berogailuak ere ikusi dira.
Hotza, baina, ez da eragozpen izan bisitentzako, eta Gabonetako oporraldiaren ondoren, itzuli dira ikasle taldeak azokara. Gaur, D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik, Andoaingo Ondarreta ikastetxe publikoko 60-bat gaztetxo ibili dira postuz postu erosten eta galdera ugari egiten.