Zegamako Udalak 2’5 milioitik gorako aurrekontua izango du 2025ean
Aho batez onartu duen udalbatzak azken osoko bilkuran. Inbertsioei dagokionez «trantsizio urtea» izango da. Txarapeko bolatokia berritzeko lanak izango dira aurtengo inbertsio nagusietako bat.
Zegamako udal gobernuak 2.6189.212 euroko udal aurrekontua onartu zuen, aho batez, pasa den abenduan egin zuten azkeneko osoko bilkuran. Inbertsioei dagokienean «trantsizio urtea» izango da Iker Zubeldia alkatearen hitzetan.
Pertsonal gastuetara bideratuko da aurrekontuaren pusketa handiena; 666.775, 69 euro. Azpimarratzeko beste gastu nagusien artean komunitate ongizatea (273.220 euro), herriko jai nagusiak eta bestelako ospakizunak (169.190 euro), herri eskola eta haurtzaindegia (167.300 euro), hirigintza eta pisten mantenua (165.405 euro), zabor bilketa (161.476 euro) edo kiroldegiko eta igerilekukoak (118.050 euro) aipatu daitezke.
Gainontzean, herriko elkarte ezberdinei bideratutako diru laguntzen poltsa 132.502,50 eurokoa izango da 2025ean, Gainera, inbertsioak ere aurreikusi dituzte Gazteria (25.601 euro), Kultura (98.200 euro), Berdintasuna (11.700 euro) eta Euskarari (28.700 euro) dagokienean.
Inbertsio nagusiak
2025 urte honetan zehar egingo dituzten inbertsio nagusien arten hiru azpimarratu ditu Zubeldiak: Txarape auzoko bolatokia berritzeko lanak, Aitxuri herri eskolako zaharberritze lanak eta Frankismoak errepresaliatutako emakumeak Zegaman (1936-1978) ikerketa historikoa eta liburuaren argitalpena.
Txarapeko bolatokia berritzeko lanak hasita daude dagoeneko. Alkateak kontatu duenez, Zegaman sortu berria den Belatxingak bola klubaren eskaria izan da: «Bola txapelketako zirkuituan sartzeko beharrezkoa zen bolatokia zehaztutako estandarretara egokitzea», esan du. Lanek «50.000 euroko aurrekontua» dute eta udaberrirako amaituta egotea espero dute.
Aitxuri herri eskolari dagokionez, eraikinak «30 urte antzinatasuna» duela eta ondorioz, beharrak ere «handiak» direla aipatu du alkateak. Gimnasioaren konponketa lanekin hasiko dira, teilatuan eguzki plakak jarri zituztenetik itoginak daudelako. Gainontzean, eskolako egurrezko tarima ere aldatuko dute.