Goierriko txotx denboraldia zabalik
Ordiziako Tximista sagardotegian hasi dute sagardo denboraldi berri ofizialki, Goierriko lau sagardotegiek eta Goiturrek elkarlanean. 273.550 litro sagardo ekoitzi dituzte Tximista, Urbitarte, Oiharte eta Begiristain sagardotegiek; 130.550 litro, Euskal Sagardo izendapenekoak.
Hamaikagarren aldiz, Goierriko sagardotegien denboraldiaren irekiera ofiziala egin dute gaur goizean Ordiziako Tximista sagardotegian, Goiturrek eta Goierriko lau sagardotegiek (Begiristain-Legorreta, Oiharte-Zerain, Tximista-Ordizia eta Urbitarte-Ataun) elkarlanean antolatuta. Xabier Sukiak gidatu du aurkezpen ekitaldia, eta Goierriko sagardotegietara joateko deialdia egin die goierritarrei, euskal herritarrei eta Goierrira bisitan etorriko direnei: “Goierriko txotxa irekita dago. Kupelak bete-bete eginda daude eta ateak zabal-zabalik daude”.
Gaur anfitrioi lana egin duen Tximista sagardotegiko Aitor Esnaolak adierazi duenez, “ilusioz, gogoz, energiaz eta indarrez beteta daude” Goierriko sagardogileak, denboraldi hasiera honetan. “Umore onez eta errespetuz etortzeko” deia egin du Esnaolak.
Datuak
Euskal Sagardoaren barruan daude lau Goierriko sagardotegiak. “Horrek esan nahi du bertako sagarrarekin egindakoa sagardoa ekoizten dutela. Garrantzitsua da hori Euskal Sagardoaren Izendapenak hartu duen dimentsioa ikusita. Lurraldetasunari ere garrantzia handia ematen dio, eta balioa eman behar zaio horri”, argitu du Sukiak.
Datuei erreparatuaz, 273.555 litro sagardo ekoitzi dituzte aurten Goierriko sagardotegiek. Horietatik 130.550 litro, Euskal Sagardo izendapenekoak dira, 200.000 kilo sagar ingururekin egindakoak. 35 sagar ekoizle daude, eta 64 hektarea inguru.
Gipuzkoan sagar uzta 2023koa baino txikiagoa izan bada ere, “Goierriko klima ezaugarriak direla eta”, Gipuzkoako beste bailaretan baino handiagoa izan da Goierriko sagarrondoetako uzta Esnaolaren esanetan. “Hori batik bat, neguko hotzek eragindakoa izan da, Goierrin Beterrin baino negu hotzagoa izan baitzen”.
Sagardoaren ezaugarriari dagokionean, “izaera handiko sagardoak dira, luzera ondo eboluzionatzeko ahalmena dutenak” dira. Esnaolaren esanetan, “txotx denboraldiaren aberastasuna da, kupel desberdinetako sagardo desberdinak dastatzea. Denak dira desberdinak”.
Turismoa eta sagardoa, elkarren lagun
Niko Osinalde, Goitur-eko Zuzendariaren esanetan, “sagardoak asko ematen dio turismoari eta turismoak ere asko ematen dio sagardoari, lagun izan behar dugulako”. Goiturrek 25 urte bete dituen honetan, “goierritarrok bertakoa ezagutzeko” erronka bota du, “bertako kontsumitzea”. Izan ere, “askotan ezjakintasun handia daukagu etxe ondoan zer gertatzen den”. Era berean, “kanpotik gonbidatuak badituzte, sagardotegietara eramateko”.
“Itzuli polita egin daiteke”, gaineratu du Sukiak. “Legorretatik hasi, Ordizia, Ataun eta Zerain”.
Gonbidatu berezia, Fernando Arana
Lehenengo sagardo “trago ofiziala” dastatzeko ohorea izan duena Fernando Arana ordiziarra izan da aurten, XX. mende hasieran Ordizian izan ziren hamaika sagardotegietan azkena itxi zuten Arana sagardotegiko ondorengoa. Sagardotegi batera joan ohi denetan, “zirrara berezia” sentitzen duela azpimarratu du Aranak, haur garaiko oroitzapenak etortzen baitzaizkio burura. 1888an ireki zuten Arana sagardotegia eta 90 urtez egon zen irekita. “Kanpaina ederra” opa die amaieran Goierriko sagardotegiei.