«Harrituta jaso genuen, baina poztasun handiz hartzen da saria»
San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, Donostiako Udalak ematen duen Urrezko Danborra jasoko dute Moriarti ekoiztetxeko bost lagunek, tartean Jose Mari Goenagak (Ordizia, 1976).
Astelehenean, 12:00etarako Donostiako udaletxera joateko hitzordua du Jose Mari Goenaga zinemagile ordiziarrak, lau lankiderekin eta familiartekoekin batera. Haurren danborradaren hasiera balkoitik ikusi ondoren, Urrezko Danborra jasoko dute. 98 hautagairen artean Moriarti aukeratu dute, bere ibilbide «luze eta laudatuagatik».
Aurtengo San Sebastian eguna berezia izango duzue.
Egia esan, harrituta jaso genuen berria. Hasieran, iruzurgilearen sindromea deitzen zaiona sartzen zaizu eta zure buruari galdetzen diozu: sari hau merezi dugu? Beste batzuek hala erabaki badute… Poztasun handiz hartzen da eta pentsatzen dut egun oso berezia izango dela guretzat. Aprobetxatu eta gozatuko dugu.
Sariak jasotzera ohituta zaudete, baina hau berezia da.
Azkenean, normalean sariak zure esparrukoak izaten dira, zure lanarekin erlazionatutakoak. Beno, kasu honetan ere gure lanagatik eman digute, baina badauka beste kutsu bat, sentimentalagoa agian, hiri batek ematen duen saria delako, eta herritarrek errekonozitzen dutena. Kuriosoa izan da: jakin zenetik, jende ezezagunak kalean ere zoriondu egiten gaitu. Pozik egia esan. Beste zentzu bat dauka eta egia esanda, oso polita da.
San Sebastian eguna beste ertz batetik biziko duzue.
Erabat. Ni normalean San Sebastian bezperan ateratzen naiz eta eguna bera, ajea jota pasatzen dut etxean. Aspaldidanik baneukan gogoa sansebastianak beste modu batera bizitzeko, eguna gehiago aprobetxatzeko. Antiguoko Sansustene elkarteko bazkidea naiz, gaueko 12:00etan Benta Berriko plazan danborrada jotzen duen elkartea da. Hor afaldu eta hor pasatzen dut gaua.
Danbor jolea ez zara?
Egia esan, trauma pixka bat badut danborradarekin. Ordiziatik 10 urterekin Donostiara bizitzera etorri nintzenean, lehenengo urtean tokatu zitzaidan haur danborradan parte hartzea eta sekulako hotza egin zuen. Gogoratzen naiz ume mordo bat negarrez, eskuak izoztuta… Horrekin geratu nintzen, gainera ordiziarra izanik ez neukan horrelako sustrairik danborradarekiko. Egia da ordundik ez dudala danborrik jo, baina azken urteotan pentsatzen aritu naiz danborradaren batean apuntatu eta festa beste era batera bizitzeaz. Aurten behintzat, beste era batera biziko dugu, gainera errepikatu ezin daitekeen modu batera.
Moriartiren 25. urteurrenarekin batera dator saria.
Bai. 2000. urtean hasi ginen film labur batzuk egiten. Enpresa bezala 2001. urtean hasi ginen.
Pentsatzen al zenuten honaino iritsiko zinetenik?
Ez genuen pentsatzen betirako ogibidea bilakatu zitekeenik, ezta gutxiago ere horrelako errekonozimendua edukitzerik. Pixkanaka egin den bide bat izan da, eta hasiera haietan ez genuen pentsatzen honek hainbeste iraungo zuenik, eta hainbeste gauza egingo genituenik.
«Hurrengo filma euskaraz izango da. Jose Ramon Soroizek oso lan ona egiten du»
Sari ugari jasotakoak zarete. Marco filmarekin Goya sarietan bost izendapen dituzue.
Bai, eta horrekin ere pozik gaude. Sariena azkenik, loteria bat da. Egia esan, gure ibilbidean zortea izan dugu eta errekonozimendua jaso dugu. Baina pelikula bat ez da hobea ala txarragoa lortu diren sarien arabera. Noski, ilusio handia egiten du, baina badakizu hor ere faktore asko daudela jokoan eta garrantzitsuena da lana ahalik eta hobekien egiten saiatzea, eta sariak baldin badaude primeran. Baina ez badaude ere, ez da ezer ere pasatzen.
Ikusleen aitortza ere baduzue.
Egia esateko, baloratuak sentitzen gara, jendearen harrera ona jasotzen dugu Euskal Herrian. Nabaritzen da badagoela interes bat, batez ere euskaraz egin ditugun filmetan. Ez guk bakarrik; Asier Altuna, Telmo Esnal, Pablo Urkixok edo Koldo Almandozek filmak egin dituztenean, euskal ikuslegoak asko baloratzen du. Egia da ere, filmak bere burua defendatu behar duela. Hau da, jendea ez doa bakarrik zinemara militantziagatik, istorioak ikuslegoak behar duen mailan egoten saiatu behar dira. Egia da azkeneko gure bi filmak ez direla euskaraz izan, baina orain muntatzen ari garen hurrengo filma euskaraz izango da. Hor ibiltzen gara, istorioak eskatzen duen hizkuntzaren arabera.
Hurrengo filmean Jose Ramon Soroiz legorretarra izango da protagonista.
Ikuslegoarentzat ezagun zahar bat da. Soroiz oso ezaguna da Euskal Herrian, belaunaldi desberdinentzat serieak egin dituelako; Bi eta bat, Jaun eta Jabe, Martin… eta orain, txikienentzat, Irabazi Arte-ko aitona da. Pertsonaia oso maitatua da. Oso aktore ona da eta nik uste dut film honetan egin duenarekin harritu egingo dela ikuslea. Ez da paper edo pertsonaia erraza, baina sekulako lana egin du.
Noizko aurreikusten duzue?
Muntaiaren hasieran gaude. Pentsatzen dut urte erdirako-edo amaituta egon beharko lukeela. Noiz eta non estreinatu… banaketa estrategiaren zatia da. Gu beti saiatzen gara zinemaldi batera joaten, eta bertan jasotzen duzun bultzadarekin pelikula estreinatzen. Baina horretarako zinemaldi batek nahi izan behar zaitu, eta ez dago gure esku. Zinemaldiek euren programazioa egiterako orduan faktore asko izan behar dituzte kontuan. Horien artean, garrantzitsuena, filmaren kalitatea. Ikusi beharko dugu filma nola geratzen den eta nonbaiten nahi duten.