Legazpiar bat pinguino motozaleen artean
Elias Diez urtero joaten da Europako neguko moto elkarretaratze handiena den Pinguinoak festara, Valladolidera. Itzuli berria da asteburuan izan den topaketatik, eta hurrengo edizioari begira jarria da.
Europako motozaleen neguko topaketarik handiena egin dute asteburuan Valladoliden (Espainia) 41.000 lagun inguruk. Pinguinos festa zen, 43. edizioa, eta bertan izan da Elias Diez legazpiarra, orain dela hilabete gutxi estreinatu duen Benelli 702 motoarekin. Urtero joan da duela 18 urtetik, pandemiakoak kenduta. Aurten ere ondo gozatuta etorri da, eta hurrengo edizioan du jarrita dagoeneko begia.
Motozale amorratua da Diez, eta horregatik deitu zion arreta Pinguinos topaketak. Telebistan ikusita ezagutzen zuen, eta behin, lagunen artean joatea pentsatu zuten. Hamar pertsona joan ziren lehen urte hartan, lau bikote eta beste bi motozale. Bera emaztearekin joan zen. «Aterpe batean egin genuen lo, eskerrak, hotz handia egin zuelako». Oso ondo pasatu zuten, baina emaztea eta lagunak ez dira itzuli. “Hemen motozale asko dago, baino udako motozaleak dira”, dio txantxetan.
Hurrengo urtetik aurrera, bakarrik joan da. «Baina lagunak egin ditut han, eta azken urteetan Toledoko bikote batekin elkartzen naiz. Aurten ez dira joan, moto gabe zeudelako. Berria erosi zuten, baina Pinguinos amaitu eta hiru egunetara iritsi zaie!». Bakarrik joan da, baina ez da bakarrik egon: «Ni edozeinekin moldatzen naiz ondo, ez naiz inon ere galtzen, eta bakarrik joan arren, egin ditut lagun gehiago».
Hotza eta elurra
Aurten «eguraldi bikaina» egin die Valladoliden, «hango neguak ere ez dira lehengoak bezalakoak». Baina negu-neguan egiten dute topaketa, eta normalean hotz handia egiten du. «Behin -11 gradu izan genituen!» gogoratu du. Asteburu hartan, etxera zetorrela elurra egin zuen: «Kaskoaren kristala izoztu egiten zitzaidan; kolpe txikiak eman behar izaten nizkion izotza kentzeko».
Gehiagotan ere egin dio elurra. Behin, harako bidean, Guardia Zibilak bidea itxita zuen Burgosen, eta errepide ondoko hotel batean geratu behar izan zuen; «gelarik ez zegoen libre, eta jatetxean lo egin behar izan genuen, lurrean». Goizean elurra kentzeko makina pasatu zen, eta haren atzetik abiatu zen, gainerako gidariak bezala.
Argi dago hotza ez dela Pinguinosen huts egiteko aitzakia Diezentzat. Hala ere, aitortzen du motozale gehienak kanpalekuan geratzen badira ere, berak nahiago duela lo bero-bero egitea, eta horregatik joaten dela ostatu batera.
Asteburu osoko festa
Ekitaldiz beteriko asteburua izaten da Pinguinos topaketa. Motoekin zerikusia duten erakusketak eta erakustaldiak, moto irteerak, desfileak, lehiaketak, kontzertuak, DJ saioak, dastaketak, omenaldiak… «Ez dago aspertzeko denborarik, beti dago zerbait egiteko», dio Diezek.
Pinguinoen urteari ongi etorria emateko egiten duten 12 kanpai hotsen ekitaldia, hildako motozaleen aldeko sua, argi-zuzien desfilea eta omenaldia nabarmendu ditu Diezek. Aurten, besteak beste, Valentziako Danaren ondoren lan egin duten moto gidari boluntarioak omendu dituzte.
Argi-zuzien desfilea «hainbestetan ikusi» dutenez, Toledoko lagunekin batera «inguruak ezagutzeko aprobetxatzen» du momentu hori: «Aurten Zamorako Toro bisitatu nahi genuen, baina ezin izan da. Hurrengo urtean joango gara».