Txapelketa nagusietan hainbat domina irabazi eta gero, eskolarteko krosa du igandean Goierri Garaia klubak
Kimu, haur eta benjamin mailetako korrikalarientzat izango dira lasterketak, 11:00etan hasita, Zumarragako Argixaon. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Euskadiko txapelketetan lortu dituzte dominak klubeko kideek, bakarka zein taldeka.
Goierriko eskolarteko 26. kros txapelketa Zumarragan jokatuko da, Argixaon, Goieri Garaia atletismo taldeak antolatuta. Igandean, hilak 19, izango da hitzordua, Argixaon. Kimu, haur eta benjamin mailako haurrek parte hartuko dute.
Sei lasterketa izango dira guztira, eta lehena 11:00etan izango da eta bigarrena 11:10ean, kimu mailako neskentzat eta mutilentzat, hurrenez hurren; 1960 metroko zirkuituari egin beharko diote aurre. Ondoren haur mailako nesken eta mutilen txandak izango dira, 11:20ean neskena eta 11:30ean mutilena; zirkuitua 2.940 metrokoa da horientzat. Amaitzeko, 11:50ean neska benjaminak eta 12:00etan mutil benjaminak aterako dira, 650. metroko zirkuitura. Txikienak dira hauek, eta Legazpikoek, Urretxukoek eta Zumarragakoek bakarrik parte hartuko dute.
Maila bakoitzeko lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuentzat garaikurra egongo da, dominak haur eta benjamin mailako laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatuentzat, eta dominak baita ere benjamin mailako gainerako korrikalarientzat.
Goierri Garaia klubaren garaipenak
Goierri Garaia klubak, bestalde, azken asteetan klubeko kideek lortu dituzten garaipenen berri eman du. Eibarren joan den urteko abenduaren 1ean jokatu zen Gipuzkoako kros txapelketarekin hasi da, eta Ainhoa Sanzek eta Lara Estebanezek lortutako lehen eta bigarren postuak, Endika Donnay seniorrak lortutako hirugarrena, mutilen senior eta master mutilen taldeen lehen postuak, eta 16 urtez azpiko mutilen eta nesken taldeen hirugarren postuak nabarmendu ditu.
Artziniegan egun berean jokatutako Arabako kross txapelketan, berriz, Carlos Antonio Jimenezek garaipena lortu zuen, eta Aida Delgado hirugarrena izan zen, biak senior mailan. Bizkaikoa Zamudion jokatu zen abenduaren 1ean ere, eta senior mailan Ruben Torresek irabazi zuen.
Joan den igandean Ordizian jokatutako Euskadiko txapelketan ere lortu zituzten dominak Goierri Garaiko atletek. Seniorretan, Ainhoa Sanz lehena izan zen, eta Lara Estebanez hirugarrena, eta Ibai Larrea lehena eta Ruben Torres hirugarrena. Eta mutilen talde seniorretan, Goierri Garaia bigarrena izan zen, baita 18 urtez azpiko mutilen taldeetan ere.