«Hasteko gogoz nengoen iritziak entzuteko, jendeak zer esaten duen...»

Urbitarte sagardotegian, Ataunen, badute esperientzia pixka bat. 1991n hartu zuen ardura Demetrio Terradillosek, Goierriko Txotx irekierako ekitaldian ere egon zena. «Gu dagoeneko irekita gaude», aurreratu da esaten. «Iragan ostiralean hasi ginen», borobildu du. «Hasteko gogoz nengoen iritziak entzuteko, jendeak zer esaten duen…», saltsa gustuko du.
Urbitarte dastatu ahalko den sagardoari dagokionez nabarmendu du «etxeko sagarrarekin egindako sagardoa da ia dena. 25.000 kilo ekarri ditugu kanpotik bakarrik, beraz, gainerako guztia etxekoa izateagatik oso-oso gustura gaude». Egun hauetan Urbitarteko sagardoa dastatu ahal izan dutenek adierazi diote «mikatz puntua duela, goxo puntua ere bai, uste dut gurera datozenak pozik utziko dituela, gustuko izango dutela». Aukeran izango dituzte Urbitarte sagardoa, betiko sagardo naturala; Urbitarte D.O sagardoa bertako sagarra bakarrik erabiliz egiten dena; Lamia haritz kupelean ondua eta Narbarteko Gorriarekin egina; eta Saarte sagardo ondua.
Kopuruei dagokienez, gogoratu du «iaz motz xamar» gelditu zirela, eta aurtengo denboraldirako «pixka bat gehiago» egitea erabaki dutela, «130.000 litro». Uste du, «inor sagardorik gabe ez geratzeko» moduko kopurua ekoiztu dutela.
Goierriko eta kanpoko jende asko espero dute. Astelehenetan etena egiten dute, baina gainontzean irekita daude ateak. Astearte eta asteazken afaltzeko, eta gainontzeko egunak bazkaltzeko eta afaltzeko.
Urbitarteko sagardotegiko menua dastatu nahi duten haiei erreserba egitea gomendatu die. Horretarako, 943 18 01 19 telefono zenbakira deitu behar da. Bigarren aukera bat ere bada, sagardoa.eus webgunearen bidez.