Juantorena eta Zubillagaren arteko aizkora apustua, larunbatean, Alegin
Ikusmina sortu du Igor Juantorenak eta Aimar Zubillagak bihar, Alegi auzoan egingo duten aizkora apustuak. 18:00etan jarri dute hitzordua, Alegiko frontoian. Zelaiondo elkartean taberna ere jarriko dute bertaratzen diren guztientzako irekita. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, apustua dela eta frontoia erreserbatuta egongo da 16:00etatik aurrera.
Baina ez da hori biharko hitzordu bakarra izango; aurretik, 16:30etik aurrera IMZ moda osagarrien outlet-a antolatu baitute Alegiko Sindikatoan. IMZ Irune Mujika Zapirain ordiziarraren arropa marka da eta salgai izan ohi ditu bere diseinuak Alegiko Sindikatoa dendan. Bazkide direnentzako eta ez direnentzako ekintza irekia izango dela aurreratu dute antolatzaileek.