Legazpiko EH Bilduk udal aurrekontuen kontrako botoa azaldu du
Bertan jasotzen diren proiektuekin ados dagoen arren, gobernantza ereduan aurrerapausoak eman behar direla uste du.
Legazpiko EH Bilduk oharra kaleratu du joan den abenduko udalbatzan aurtengo udal aurrekontuei aurkako botoa emateko arrazoiak azalduz. 2025erako diru kontuak abenduaren amaieran onartu zituen udalbatzak, EAJk eta sozialistek alde botoekin, eta EH Bilduren eta Legazpiko Berdeen aurkakoekin. Aurtengo udal aurrekontua 14.336.905 eurokoa da.
EH Bilduk ez ditu aurrekontuak babestu, eta horrela azaldu du arrazoia: “Bertan jasotzen diren proiektuekin ados gauden arren, gobernantza ereduan aurrerapausoak eman behar direla uste dugu. Legazpik datozen urteetan dituen proiektu estrategikoetan oinarriak adostea ezinbestekoa da guretzat. Gobernuak ezetz esan dio lankidetzan, elkarlanean eta talde lanean aritzeko aukerari”.
Lan mahaiak sortzeko proposamena
Aurrekontu horietan jasota daude EH Bilduk azken urteetan eskatutako kirol orientaziorako zerbitzua, Aizkorri kalea eta Latxartegi parkea birgaitzea edo Azpikoetxe-paper fabrika ohiaren gunearen erosketa, esaterako, baina “proiektuak diruz hornitzea bezain garrantzitsua da horiek nola garatuko diren erabakitzea”. Eta EH Bilduk, “herritarren zati handi bat ordezkatzen duen alderdiak”, proiektu horien garapenean parte hartu nahi du.
Horregatik, Gobernu taldeari proposamen zehatz bat egin zion alderdiak “herriarentzat estrategikoak” diren Azpikoetxe-papelera gunearen eta Ezkurreneako proiektuaren garapenari buruz. Bi proiektu horientzat lan mahai bana sortzea nahi zuten, “eginkizun oso zehatzekin”. Hala. besteak beste, Azpikoetxe-Papelera gunea Lenburri erosi behar badiote 800.000 euroren truke, “ezinbestekoa” iruditzen zaie Lenburren egoera aztertzea eta Lenbur eta udalaren arteko hitzarmenaren oinarriak zeintzuk izango diren adostea. Ezkurrenea proiektuaren kasuan, “Legazpiko zaintza ereduaren oinarriak adostea· izango zen lan mahaiaren eginkizuna.
Baina Gobernu Taldeak “adostasunetara iristeko asmoak agertu zituen arren”, EH Bilduk adostasunetara iristeko “konpromiso serioa jasotzen duen akordioa” eskatu duen. “Gobernu Taldeak ezetz esan dio kolaborazio harreman bati, gobernuak nahiago izan du agintzeko tresnez baliatu”.
Aurrekontuari egindako ekarpenak
Bestetik, EH Bilduk “beti erakutsi du jarrera eraikitzailea”, horregatik aurrekontu proiektua hobetzeko asmoz hainbat ekarpen egin ditu, mugikortasunari begira, erronka eko-soziala eta berdintasunaren mailakoa planteatuz, eta euskara eta hezkuntzaren alorrak ere kontuan hartuz.
Mugikortasunari begira, Santikutz kalean biribilgunea egiteko azterketa egitea eta kirol eta kultur elkarteak garraio kolektiboan mugitzea sustatzeko diru laguntza lerroa sortzea proposatu ditu.
Erronka eko-soziala, berriz, landa eremuan jarduera ekonomikoak sustatzeko proiektua martxan jartzea da, eta horrekin batera, baserriak ez husteko plana garatzea ere bai, baserrietan jarduera ekonomikoak sustatzeko proiektuak garatuz. Gainera, elikadura burujabetzan ere jarri du puntua, kontsumo taldeekin, herriko nekazariekin eta Goierriko beste proiektu batzuekin elkarlanean elikagunea sortzea proposatuta.Berdintasunaren erronka
Berdintasunaren erronkaren barruan, bi ekarpen egin ditu. Batetik, gizarte larrialdietarako laguntzen atalean, Eusko Jaurlaritzatik datorren diruari kreditua handitzea lortu dute. Bestetik, EH Bilduren ekarpenen barruan kokatzen da baita ere udalak zuzenki parte hartzen, baina zuzenki kudeatzen ez dituen zerbitzuetan laguntza sistema jartzea, hala nola, hezkuntzan, kirolean eta musikan.
Azkenik, euskara eta hezkuntza alorrak ukitzen dituen beste ekarpena bat ere egin du, hain zuzen euskara ez dakiten ikasleentzat euskara eskolak jartzearena. Hezkuntza sailak eskaintzen dituen hizkuntza errefortzu orduak ez dira nahikoa Eh Bilduren ustez. eta horregatik “udalak lehenbailehen esku hartzea ezinbestekoa da, euskara ikasteko ordu gehigarriak eskainiz”.
Ekarpen horietatik lau ekarpen aintzat hartu dituztela zehaztu du EH Bilduk, eta beste batzuk aztertzeko konpromisoa jaso dutela ere bai. Landa eremuaren garapenari dagokionez, “gobernuak nahiago du bestelako erakunde supra munizipalen zain egon, aspaldian horrela gaude eta Legazpin oraindik ez dugu proiektu zehatzik”.