Urretxu eta Zumarraga, Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko kide
Inaziotar Bidea Loiolako Inaziok Azpeititik Manresara egindako bidean oinarritutako egitasmo turistikoa da. Bidean dauden 60 herrik Inaziotar Bideko Udalerrien Elkartea eratu dute proiektua sustatzeko. 60 udalerri horien artean Goierriko hiru daude: Legazpi, Urretxu eta Zumarraga. Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako beste herri batzuk ere elkarteko kide dira. Elkartean, Euskal Herriko udalerriekin batera, Herrialde Katalanetakoak, Aragoikoak eta Errioxakoak daude.
Inaziotar Bideko Udalerrien Elkartea joan zen larunbatean eratu zen Montserraten (Bartzelona, Herrialde Katalanak). Bileran, Jon Luqui Uggasa garapen agentziako lehendakari eta Urretxuko alkateak eta Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Eric Galvez Legazpiko alkateak bideokonferentzia bidez parte hartu zuen.
Espainiako estatuan ez dago gisa horretako elkarterik eta hurrengo hilabeteetan udalerri gehiagok bat egitea espero dute, gainera. «Gure helburua udalerri guztiok modu koordinatuan lan egitea da, Loiola eta Manresa elkartzen dituen ibilbidean dauden toki turistikoak ezagutzera emateko. Izan ere, Inaziotar Bideak, Loiolako Inazio Deunaren garrantziaz harago, potentzial handia du», aipatu du Luquik.
Hala, Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak erlijioso azpeitiarrak osatutako ibilbidera turistak erakarri nahi ditu. Horretarako, bertako historia, ondarea, paisaia, gastronomia eta merkataritza ezagutzera emango ditu. Bideak 650 kilometro ditu eta Loiolatik Manresara Euskal Herriko, Errioxako, Aragoiko eta Herrialde Katalenetako herrietatik pasatzen da.
500 urte baino gehiago
Loiolako Inaziok 1522an egin zuen bide hori. Loiolatik Manresara joan zen eta hamaika hilabete eman zituen bertan. Ondoren, Lurralde Santura joan zen (Itun Zaharrean eta Itun Berrian aipatzen diren tokietara). Manresa oso toki garrantzitsua izan zen Loiolako Inazioren bizitzan. Izan ere, bertan bizitako esperientzia mistikoek bere lan garrantzitsuena idaztera eraman zuten: Gogo-jardunak. Handik urte batzuetara, Jesusen Lagundia sortu zuen.
Inaziotar Bidea 90 herri ingurutik pasatzen da. Horietako 60 dagoeneko Elkarteko kide dira eta Elkartearen helburua herri guztiak bere baitan hartzea da. Larunbateko ekitaldian ondorengo herrietako ordezkariek parte hartu zuten: Herrialde Katalanetako Bellpuig, Castellnou de Seana, Palau d’Anglesola, Preixana, Soses, Tarrega, Verdu, Vila-sana, Argençola, Castellbell i el Vilar, Castellgali, Castelloli, Igualada, Manresa, Marganell, Monistrol de Montserrat, Montmaneu, Odena eta Veciana; Aragoiko Alcala de Ebro, Cabañas de Ebro, Fuentes de Ebro, Gallur, Luceni, Mallen, Novillas, Sobradiel, Torres de Berrellen eta Zaragoza; Errioxako Calahorra, Agoncillo, Alcanadre, Aldeanueva de Ebro, Alfaro, Arrubal eta Fuenmayor; Nafarroako Cortes, Genevilla, Lapoblacion, Lodosa eta Ribaforada; Arabako Asparrena, Kanpezu, Bilar, Kripan, Guardia, Lapuebla de Labarca eta Zalduondo eta Gipuzkoako Azkoitia, Azpeitia, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga.
Larunbateko ekitaldian, elkartearen estatutuak onartzeaz gain, behin-behineko zuzendaritza izendatu zuten. Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko lehendakaria Manresako alkatea izango da: Marc Aloy. Lehendakariordeak Manresako Joan Vila eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea izango dira. Idazkaria Arrubal herriko Ruben Sancho izango da, eta diruzaina, berriz, Zaragozako Sara Fernandez.
Luqui eta Serrano
Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak zazpi batzordekide ere baditu. Horien artean Luqui eta Serrano daude. Beste bost batzordekideak Diana Paola Osorio (Ribaforada), Encarna Fuertes (Agoncillo), Ana Maria Arellano (Luceni), Francesc Balcells (El Palau d’Anglesola) eta Ana Azkoitia (Azkoitia) dira.