San Blas jaiak gero eta gertuago
Urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra ospatuko dituzte aurten San Blas jaiak Idiazabalen. Pregoia eta Axariaren jaitsiera urtarrilaren 31n egingo dituzte. Gaur hasiko dira egitaraua etxeetara banatzen.
Gaur hasiko du Idiazabalgo Udalak San Blas jaietako egitarauaren etxez etxeko banaketa. Aste bete geratzen da festak hasteko eta dagoeneko, ia dena prest dago. San Blas jaiak urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean ospatuko dira aurten. Nahiz eta jaiak datorren asteburuan hasiko diren, urtarrilaren 31n egingo dira pregoia eta Axariaren jaitsieraren ekitaldia. Hain zuzen, Idiazabal kirol elkarteko mendi saileko kideek izango dute datorren ostiralean, gaur zortzi, jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzeko ardura, taldearen 40. urteurrenean.
Aurtengo egitarauaren azaleko irudia Iñaki Zabaleta idiazabaldarrak egindakoa da. Bera izan zen Idiazabalgo pintura lehiaketan herritarrik onenaren saria irabazi zuena eta udalak hari eskatu zion karteleko irudia egitea.
San Blas jaietako egitarauaz gain, beste hainbat ohar ere zabaldu nahi izan ditu udalak, aurtengo jaiei begira:
– Otorduetarako txartelak: otsailaren 1eko herri afarirako txartelak salgai daude liburutegian. San Blas eguneko paella janekoak, aldiz, astelehenean jarriko dituzte salgai leku berean (10:30-12:30 eta 16:00-19:00); paella, 5 euro eta postrea euro 1. Plaza kopurua mugatua denez, txartelak lehenbailehen erosteko deia egiten zaie herritarrei, batere gabe gelditu ez daitezen.
– Musikarik gabeko orduak: espektro autistako alterazioak eta arazo sentsorialak dituzten pertsonek ere atrakzioez gozatzeko aukera izan dezaten, aurten lehen aldiz, musikarik gabeko tartea gordeko da barraketan, otsailaren 1ean, 12:00etatik 14:00etara.
– Jaietako lehen larunbatean, herri kirol desafioa izango da. Aurten ez da herrian bi talde ateratzerik lortu, eta Makala taldekoek, Legazpiko Lakiola familiakoen aurka jokatuko dute, 17:00etan, Igarondo pilotalekuan.
– Hilaren 31n, ostirala, izango da Axariaren jaitsiera. Egun horretan, Añube eta Nafarroa 1512 taldeen kontzertua eta Mugi Panderoa taldearen erromeria ere izango dira.
– Otsailaren 1ean, Mozorro Eguna ere ospatuko da. Herri afarirako txartelak salgai daude dagoeneko. Gauean, Irten-Bide talde idiazabaldarraren eta Bide Batez taldearen (egitarauan oker jarrita dago izena) kontzertuak izango dira.
– Otsailaren 2an, Kandelaria Eguna ospatuko da. Egun berean, Izaltukada batukada taldea ariko da herrian zehar; Idiazabalen antolatutako batukada ikastarotik sortutako taldea da.
– Otsailaren 3an San Blas eguna ospatuko da. Bertan, 36. San Blas Txirrindulari Lasterketa, paella jana eta koadrilen arteko jolasak egingo dira, besteak beste. Gauean, Joselu Anayak taldearen kontzertua izango da; urte askotan jotakoak dira Idiazabalen, baina baziren urte batzuk etortzen ez zirela; jendearen eskariz, aurten berriz ekartzea erabaki da.
– Otsailaren 4an San Blas Txiki eguna izango da, eta Santa Ageda bezperarekin bat egiten duenez, Kantu-jira taldeak antolatuta, koplak abestuko dira arratsaldean zehar.
Ondoko estekan duzue San Blas jaietako egitaraua ikusgai osorik. Jai egitaraua_2025