Sustraiak dantza taldeak 50 urte betetzen ditu aurten
Urte osora zabalduko da ospakizuna. Ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute, 'Oso ondo... Berriro!' izenburupean. Ekitaldi nagusia urriaren 11n izango da, izenburu bereko jaialdia. Atzo aurkeztu zituzten egitarauaren xehetasunak.
Sustraiak dantza taldeak 50 urte betetzen ditu aurten, eta ekitaldi ugariz hornitutako egitaraua prestatu du urteurren borobil hori ospatzeko. Atzo aurkeztu zuten Oso ondo… Berriro! izenburua duen egitaraua Kultur Etxean, taldeko dantzari diren Ainhoa Irazustabarrenak eta Amaia Azpeitiak.
Sustraiak 1975. urtean «euskal kultura suspertzeko gogoa zuen herriko gazte talde baten ekimenez» sortu zela gogoratu zuten bi dantzari gazteek. Aurretik baziren dantza taldeak Legazpin, baina generoz bereizita zeuden. Batetik, Itxaropena mutilen dantza taldea zegoen, eta bestetik, nesken Umetxoak. «Gazte haiek duela 50 urte egindako lanarengatik, eta urtez urte beste hainbatek egindakoarengatik ere, gaude gaur hain urteurren borobileko ekintzak aurkezten», esan zuten.
Leloa eta logoa
Oso ondo… Berriro! da 50. urteurrenaren leloa. «Askok, agian, ez dute ulertuko, baina taldean dantzari direnek ongi dakite zer den. Entseguetan erabiltzen den esamolde bat da, dantza bat goitik behera egin ostean esaten dena. Ondorioz, dantza errepikatu behar izaten dugu. Batzuetan ez dugu oso gustuko, baina ondo jasotzen du taldearen izaera», azaldu zuten Irazustabarrenak eta Azpeitiak.
Logoaren berri ere eman zuten. Izaro Urbieta legazpiarrak egindakoa da, maiatzaren 3ko soka dantzan ateratako argazki batetik abiatuta. «Argazki hura delineatuz» sortu zuen logoa. «Izarok berak azaldu digu forma tamaina eta dimentsio batzuk aldatuta dauden arren, funtsean, argazkia bera dela oinarria». Ez du kolorerik erabili, «delineatuak nahikoa informazio ematen duela uste duelako».
Diseinatzaileak azaldu zienez, logoak «taldearen batasuna adierazten du, 1975. urtetik gaur egun arte mantendu dena; baita emakumeen eta gizonezkoen presentzia ere». Tipografiari dagokionez, «logoak forma organikoak dituenez, letretan ere hori bera mantendu nahi izan du».
Urte osorako ekitaldiak
Dantza ardatz duten ekitaldiak prestatu dituzte urte osorako, otsailetik abendura arte. Bideo bat ere argitaratu dute egitarauaren berri emateko, eta taldearen historia jasotzen duen dokumental bat ere grabatu dute, apirilaren 4an estreinatuko dutena.
Urriaren 11n izango da ekitaldi nagusia: Mende erdi herria dantzan jarriz jaialdia.
EGITARAUA
Otsailaren 20an, Norberaren Sustraiak. Taldearen historia taldekideen bidez mahai ingurua Kultur Etxean, 19:30ean. Taldean egon diren eta dauden belaunaldi desberdinetako kideek parte hartuko dute: Maria Luisa Mendizabalek, Iñaki Leizeagak, Oihane Auzmendik, Agurtzane Gabiriak eta Ane Belokik. Taldeari lotutako bizipenak azalduko dituzte.
Martxoaren 2an, Herri konpartsak 35 urte inauteri konpartsa. 35 urte betetzen dira konpartsa lehen aldiz egin zenetik. Goierriko inauterien konpartsa atera zuten 1991an, elurra egin zuen egunean. Urteurrena ospatzeko, urte horietan guztietan ateratako inauteri horietako batzuen nahasketa bat aterako dute herriko kaleetara. Inauteri desberdinetako zortzi dantza egingo dituzte. 1991an dantzariak jantzita joan ziren bezala joango dira.
Apirilaren 4an, Oso ondo…Berriro! dokumentala aurkeztuko dute Latxartegi aretoan, 19:00etan eta 22:00etan. 2020an hasi ziren talde kide batzuk dokumentalean lanean, eta 2024ko otsailetik azarora bitartean egin zituzten grabaketak. Grabaketa horien ardura Egoitz Legorburu legazpiarrak eta Tolosako Igora Filmseko kideek izan dute. Edizio lanak ere egin ditu Legorburuk. Gidoia Asier Iriondok eta Amaia Jimenezek egin dute. Dokumentalaren helburua sorreratik hasi, eta gaur egunera arte, taldeak izan duen bilakaera azaltzea da, taldeko dantzarien bitartez.
Maiatzaren 3an, Santikutz festetako ekitaldia, ezta-dantzarekin. Dantzari diren kideak, eta dantzari izan direnak elkartuko dituzte. Taldean egon diren garaian Ezpata-dantza egiteko aukerarik izan ez duten horiek egingo dute dantza. Horretaz gain, Soka dantza eta Zinta dantza ere egingo dituzte, urtero bezala.
Ekainaren 13an, Haurren taldeak 49 urte jaialdia. Azkeneko urteetan bezala Legazpiko auzo batean egingo dute, erromeri ibiltari baten itxurarekin, eta Trapalata txarangaren laguntzarekin.
Uztailaren 4an, 20:30ean, Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolari ikuskizuna egingo da Euskal Herria plazan, Uztakale egitarauaren barruan.
Abuztuan, oporrak.
Irailaren 7tik 24ra, Ilintirekin elkarlanean, 50 urtez dantzan argazki erakusketa dendetan, azken 50 urteetako argazkien aukeraketarekin.
Urriaren 11n, Mende erdi herria dantzan jarriz jaialdia, 12:00etan, Urbeltz pilotalekuan. 50 urtetan taldetik pasa diren dantzari guztiak elkartuko ditu. Ospakizun eguna biribiltzeko, bazkaria egingo dute parte hartzaile guztiekin.
Azaroaren 13an, taldeko sortzaileetako bat izan zen Angel Muruaren Sustraiak: 400 años de Ezpata dantza en Legazpi hitzaldia, 19:00etan, Kultur Etxean. Lau mende horietan dantzak eta, oro har, folkloreak Legazpin izan duen ibilbidea aztertuko du.
Abenduaren 5etik 8ra,Tenerifera joango dira dantza egitera han bizi den Rogelio Botanz kantari legazpiarrak gonbidatuta.
Urterokoak: gazteen aurresku txapelketaren kanporaketa, eta maiatzaren 17an, finala; Kapela dantza; Mirandaola eguneko jaialdia; San Joan bezperako ekitaldia; eta sortu daitezkeen beste ekintza batzuk.