Abian da Eskuekin jardun ikastaroen bigarren edizioa
Sormenaren bidez ahalduntzea da helburua. 22-67 urte bitarteko emakumeak ari dira parte hartzen.
Abian da Eskuekin jardun ikastaroaren bigarren edizioa. 22-67 urte bitarteko ia 20 emakume ari dira parte hartzen, sormenaren bidez ahalduntzea helburu duten saio hauetan. Zorione Mendez dinamizatzailearen laguntzarekin, astelehenero arte diziplina desberdin bat landuko dute, norbere sormena azaleratzeko espazio seguru den honetan. Bigarren edizio honetako lehenengo saioan zeramikazko lanpara bat sortu dute modu librean.
Urtarrilaren 13an hasita, 12 saio egingo dituzte, Aste Santura arte, bakoitzean, diziplina bat landuz. Hurrengo saioetan, belarritakoak, kandelak, kuxina eta marrazketa egingo dituzte, besteak beste. Astelehenetan dira saioak, Beasaingo Urubieta etxean, 17:45etik 19:15era. Izena eman nahi izanez gero, deitu 943 08 76 63ra edo 688 768 608ra.