Ibilgailu hibrido berria du Udaltzaingoak
Udalak sustatzen duen mugikortasun jasangarriaren printzipioekin bat datorren erosketa da.
Ibilgailu berria eskuratu du Beasaingo Udaltzaingoak. Auto elektriko hibridoa ekarri du zaharkitua zegoena kentzeko.
Udaltzaingoaren auto zaharra hibrido elektriko batekin ordezkatzeak «ingurumen, ekonomia eta praktika hobekuntza dakar, eta, gainera, bat dator udalak sustatzen duen mugikortasun jasangarriaren printzipioekin», Beasaingo Udalak nabarmendu duenez. Ekintza horrek, «tokiko administrazioarentzat onura zuzenak ez ezik, hiri-ingurunea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen ere laguntzen» duela azaldu dute. Modu honetan, Beasaingo udalak mugikortasun arduratsuarekin duen konpromisoa berretsi nahi du, herritarrentzat eta beste administrazio batzuentzat eredu izanik.
Isurpen «gutxiago»
Beasaingo Udalak ibilgailu berriaren onuretan egin du indarra. «Ohiko ibilgailuen ondoan, berotegi efektuko gasen emisio kutsatzaile gutxiago sortzen ditu, eta horrek klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzan du, eta hiriko airearen kalitatea hobetzen du». Gainera, kutsadura akustikoa ere «murrizten» da. Udalaren esanetan, «ekintza hau bat dator energia garbietarako trantsizioaren eta energia iturri jasangarriagoen erabileraren aldeko apustuarekin».
Aipatu dute ere, ekonomiaren ikuspegitik, ohiko ibilgailuek baino «erregai gutxiago» kontsumitzen dutela, beraz, aurrezki ekonomikoa izango dela, eta mantentze lanen kostua ere «txikiagoa» izango dela.