Asteburuan irekiko dute Ezkion gazteentzako lokal berria
12 urtetik gorako gazteei emango die zerbitzua lokalak. Herriko gazteen ekimenez jarri da martxan proiektua. Izena emateko azkeneko egunak dira aste honetakoak.
12 urtetik gorako gazteentzako Gazte lokalak ateak irekiko ditu asteburu honetan Ezkion. Gabonetatik ate irekiak egin dituzte asteburuetan, gazteek lokala ezagutu eta erabili dezaten, baina ofizialki datozen egunetan irekiko ditu ateak. Erabiltzaileentzat izena emateko epea irekita dago astea amaitu bitartean. Itziar Etxezarreta Ezkioko Euskara eta Kultura zinegotziak adierazi duenez, «herri ekimen honen helburua gazteak elkarrekin egoteko espazio bat eskaintzea» izan da.
Herriko gazte batzuen ekimenez sortutako proiektua da Gazte lokalarena, «eskutitz bat idatzi zuten udaletxera egoteko lokal bat behar zutela eta lokala txukuntzen laguntzeko prest zeudela esanez», kontatu du Etxezarretak. Gaia udaletxean aztertu eta gero, proiektua martxan jartzeko erabakia hartu zuten, «adin horretako gazteak herrian geratzea nahi badugu, zerbait eskaini behar diegula jakitun», azpimarratu du.
Herriko kaskoan frontoi ondoan dagoen lokala begiz jota zuten gazteek, «eskaera egin zutenetako batzuk pilota eskolan ibiltzen dira, eta aurretik ere bazuten Ezkioko kaskoan egoteko eta elkartzeko ohitura». Udalak lokala gazteei uzteko erabakia hartu zuen, baina zenbait baldintza zehaztu zituzten aurretik, «udalak lokalaren beharra izanez gero lehentasuna izango duela», esaterako.
Bilerak gurasoekin
Gune hau martxan jarri ahal izateko lan talde bat aritu da lanean, Oinherriko aholkularitzarekin batera. Aurretik hainbat bilera egin zituzten, interesa agertu zuten gazteekin ez ezik, baita haien gurasoekin ere, «udal bezala babes bat behar genuen gurasoen aldetik. Denak adin txikikoak dira eta ezin genien utzi lokal bat beraien eskura, bestelako ardurarik hartu gabe. Bilera horietan gazteen erabileraren arduradun gurasook izango ginela adostu genuen», azaldu du Etxezarretak.
Lokalaren beraren funtzionamendua zehazteko bilerak ere egin dituzte, «galdetu genien ea begiralerik nahi zuten edo zerbait arautuagoa. Baina beraiek argi izan dute hasieratik egoteko leku bat nahi zutela». Ezkion bada, orain 3 bat urtetik 6 urtetik aurrerako haur eta gazteentzako gazteleku zerbitzua, «gazte hauetako asko bertako erabiltzaileak izandakoak dira, baina haien adinari egokitutako zerbait nahi zuten, biltzeko leku intimoago bat». Udalak bere aldetik adin tarte horretako gainontzeko gazte guztien artean zabaldu zuten proiektuaren berri, «galdetu genien ea egoki ikusten zuten lokal hori edo beste zerbait nahiago zuten. Guztiak bat etorri ziren hasierako proposamenarekin eta aurrera jarraitu genuen», dio. Lokala asteburuetan, jaiegunetan eta oporraldietan egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara.
Txukunketa lanak
Lokalaren txukunketa ere elkarlanean egin dute. Batetik, udalak, zoru berria jartzeko, berogailu sistema aldatzeko eta margotzeko lanak hartu ditu bere gain. Gazteak arduratu dira, bestetik, lokal hornitzeko altzari eta bestelakoak bilatzen: «Eskaera bat zabaldu zuten herrian behar zituzten zenbait gauza zerrendatuz». Bizilagunek emanda lortu dituzte apalategi bat, alfonbra, aspiragailu bat eta sofa besteren artean. Udalak eman dizkie, bere aldetik, platerak eta edalontziak.
Izena ematen duten gazteek gurasoen baimena beharko dute eta 40 euroko kuota ordaindu beharko da sei hilean behin. Lokala gazteek beraiek, gurasoen eta udal ordezkarien ardurapean kudeatuko dute eta haien ardura izango da erabilera egokia eman eta txukun eta garbi mantentzea. Atea ireki eta ixteko sarraila elektroniko bat jarriko dute, «nolabaiteko kontrol bat eramateko».
Hainbat xehetasun zehazteke dituzte oraindik, garbiketa txandak adostea, adibidez. Gaiari buruzko bilera deitu dute larunbatean, 17:00etan lokalean.