Bixente Eskisabelen jaiotzatik, 125 urte
Atauniker kultur elkarteak plaka bat jarri du Eskisabelen jaiotetxean. Artaditxulo baserrian jaio zen 1899ko abuztuaren 21ean. Kablelaria zen, eta egurra nahiz belarra garraiatzeko kableak muntatzen zituen, beste inor edo ezer iritsi ezin zen parajeetatik
Ataunen ospetsuak izan dira beti belar kableak eta pisu handia izan dute beti kable bidezko garraioek. Malkar arteko haranean egonda, aldapa pikoetako belardietatik belar sortak ganbararaino zuzenean garraiatzeko erabiltzen zituzten. Lourdes Altunaren Kablea Ataunen liburuan 197 kable daude katalogatuta, nahiz eta gaur egun horietako gutxi dauden erabilgarri. Aitzindaria, ataundar bat izan zen: Bixente Eskisabel Urbiztondo. Aurten 125 urte beteko dira jaio zenetik.
Urteurrena dela eta, ataundarrek egingo dituzten zenbait ekintzen bitartez, gogoan izango dute hark emandako guztia. Oraingoz behintzat, bere jaiotetxean plaka bat ezarri du Atauniker kultur elkarteak, baina bestelako ekintza eta egitasmo ezberdinak ere gauzatzeko asmoa dutela adierazi dute kideek.
Langintza oinarri
San Gregorioko Artaditxulo baserrian jaio zen Eskisabel, 1899ko abuztuaren 21ean, eta Iruñean hil, 1955eko martxoaren lehenean, erabat argia ez den egoera batean —bezero baten zorra kobratzera joan, eta Takonera parkean hilda aurkitu zuten—. XX. mendearen erdian enpresari garrantzitsu izatera iritsi zen, bere esanetara 200 bat langile edukitzeraino.
Kablelaria zen. Egurra nahiz belarra garraiatzeko kableak muntatzen zituen, beste inor edo ezer iritsi ezin zen parajeetatik; 14 edo 15 kilometro luzeko sistemak izaten ziren. Arriaranen edo Asteasun ere baziren Eskisabelek jarritako kableak, baita Aralarren nafar aldean ere, Malloetan-eta. Horrez gain, Ataunen bertan gazte askori erakutsi zien langintza Eskisabelek.
Formazioz ez zuen ikasketa tekniko berezirik, baina sena zeukan eta mendia ezagutzen zuen. Horrek ahalbidetu zion izugarrizko enpresa osatzea.