'Goierri Barnetik', Goierriren etorkizunerako elkarlan sarea
‘Goierri Barnetik’ hitzarmena sinatu dute Goierriko 34 eragilek. Energia, landa garapena eta zaintza dira lehentasunak. Mutiloako udaletxeko ganbaran egin dute lankidetza hitzarmenaren ekitaldia.
Goierri beheko eragile publiko, pribatu, komunitario eta herritarrek indarrak batuz, Goierri Barnetik eskualdearen etorkizunerako elkarlan sarea sortu dute. 34 eragilek bat egin dute etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta gobernantza sistema berria egituratzeko helburuarekin. Tartean da Goierriko Hitza egunkaria ere.
Gaur arratsaldean, Mutiloako udaletxeko Ganbaran egin dute lankidetza hitzarmenaren sinadura ekitaldia. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak egin du sarrarako hitzaldia, eta ondoren Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Leire Artola Beasaingo alkateak eman dituzte hitzarmenaren xehetasunak. Jarraian, eragileen hitzartzeak izan dira: Goinerreko Agurtzane Allur, Caritas Goierriko Ainhoa Etxabe, CAFeko Aitor Imaz, Goimeneko lehendakari Iñaki Elgarresta eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia.
36 eragileetako ordezkariek banan-banan hitzarmena sinatuz eta mokadutxoarekin amaitu zuten «Goierriren etorkizun berri bat irudikatzen duen mugarria» izatea nahi duten ekitaldia. Izan ere, orain arteko harreman motak «eraldatu» nahi dituzte, «konektatu, eta ziurgabetasuna testuinguru honetan etorkin berriak eraiki».
Lau urteko prozesuaren emaitza da Goierri Barnetik proiektua. 2020. urteko irailean abiatu zen prozesuaren emaitza lankidetza sarea. Lehen lana, eskualdeko udal eragile, enpresa zein eragile komunitarioak «entzutea» izan zen, eskualdean egon zitezkeen «kezkak identifikatzeko» helburuarekin.
Sinatzaileen esanetan, «intuizio eta konbentzimendu» batekin abiatu zuten prozesua: «Bizitzen ari garen garaiaren konplexutasunari» erantzungo dion harreman sistema berri bat beharko zela, «Goierrik izan duen izaera kolaboratzaileari erantzunez». Honela, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, erakunde publikoak, eragileak eta gizartea elkarrekin aritzea ezinbestekoa dela iritzi diote. «Goierrik eraldaketa handia bizi izan du azken hamarkadetan, eta hortik eratorritako erronkei heltzeko Lankidetzazko Gobernantza proiektua abiatu zen 2020an», argitu dute.
Hiru erronka
2021eko azaroan Legorretako Herri Antzokian egindako batzarrean, lankidetzazko prozesuaren bitartez, hiru erronkei heltzea adostu zuten: energia, landa garapena eta zaintza. 2022ko maiatzean 157 goierritar elkarrizketatu zituzten, eta «adostutako erronkak herritarren kezkekin bat zetozela» adierazi zuten.
Lehenetsitako hiru erronka nagusiei dagokionean, dagoeneko energia eta Landa garapeneko erronkak aktibatu dituzte. «Elkarlanean» lantzen ari dira. Zaintzaren erronka aurten lantzen hastea aurreikusten dute.
Sare zabala
Goierri Barnetik elkarlanerako sarea eskualdeko 34 «eragile oso desberdinek» osatzen dute, «jatorri eta interes ezberdinekoak» eta haien artean elkarlanean aritzeko sinatu den lankidetza hitzarmena dute oinarria. Izan ere, etorkizunean ezinbestekoa izango da «bisio partekatu baten oinarripean izaera ezberdineko eragileen ekimenak konektatu eta definitutako erronka bateratuak aurrea ateratzea».
Gobernantza sistema
Erronkei aurre egiteaz gain, proiektuaren «sorburutik muinean» egon den beste helburu bat ere bada: Goierrirako gobernantza sistema berri bat diseinatzea. Antolaketa eredua zehaztu dute Lankidetza Hitzarmen berrian.
Hiru gunetan banatuko dute antolaketa eredua, «bakoitza bere funtzio eta eskumenekin». Ekosistema, Erabakigune zabala eta Erabakigune operatiboa dira hiru guneak. Horien «koordinazio egoki baterako» bulego tekniko bat egongo da.
Erabakiak hartzeko ponderazio sistema bat adostu dute: «Hartzen diren erabakiak izaera ezberdina duten eragileen onespena beharrezkoa izateko pentsatutako sistema da». Hain zuzen ere, «egiteko modu berri bat» bilatzen du prozesuak, «ahalik eta horizontalena».
Finantzaketa
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenak lagundu diruz prozesua. Hitzarmenak finantzazio konpromisoak ere jasotzen ditu, izaera desberdina duten eragileen ekarpena aurreikusiz. Udalek finantziazioaren %50a hartu dute beregain eta enpresa sektoreak %25. Gainerako %25a, bestelako finantzazio iturrietatik lortzea aurreikusten dute.
Udalak: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain.
Udalez gaindiko erakundeak: Goierriko Ekimena (Goieki), Goimen, Goitur, Goierri Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia.
Enpresak: Lortek, Goierri Valley, CAF, Orkli, Ampo.
Gizarte arloa: Caritas, Goiener, Biziola, Goierriko Nekazal Kooperatiba.
Komunikabideak: Goierriko Hitza, Goierri Irrati Telebista.