Ordizian Elkartasun krosa egingo dute etzi, Plaza Nagusiari birak emanez
Jakintza Ikastolak 40.000 km osatzeko erronka bota du.
Elkartasun Astea ari dira ospatzen Jakintza Ikastolan eta ostiralerako «munduari itzuli oso bat» ematea jarri dute erronkatzat. «Hau da, denon artean, pausoz pauso, 40.000 kilometro egitea elkartasunaren alde». Horretarako, herritarren eta eragileen laguntza eskatu dute. 12:30etik 16:30era Jakintzako ikasleak ibiliko dira plazari biraka, eta 16:30etik 18:30era, herritarren eta eragileen txanda izango da. Helburua ahalik eta kilometro eta diru gehien lortzea izango da. Plazari emandako lau itzuli, kilometro bat bezala hartuko dute. «Borondatezkoa bada ere, kilometro bakoitzeko euro bateko ekarpena egitea gustatuko litzaiguke».
Ekintza gehiago
Bestalde, ostegunera arte, Elkartasun arte erakusketa jarri dute D’Elikatuzen; ikasleek egindako artelanak eta eskulanak salduko dituzte. Gaur goizean, Elkartasun pintxoak salduko dituzte plazan eta bihar, «kalera aterako dira mundu hobe bat aldarrikatzera». Biltzen den diru guztia Zaporeak eta Palestinaren aldeko erakundeentzat izango da.