Zuhaitz landareak aldatzeko garaia da
Mimosaren lore horiak bizitasun puntua eman dio feria guneari. Bi sagar mota berri ere iritsi dira.
Negu-negua eta urte hasiera da fruta arbolak eta bestelako zuhaitzak aldatzeko garaia, eta orain dela gutxira arte Ordiziako feriak moldatu izan du eskaintza langintza horri begira. Baina azken urteetan ez da zuhaitz landarerik eskaini ferian bertan, eta Plaza Nagusitik oso gertu, Goierriko Nekazal Kooperatibak edo Sindikatuak hartu dio horretan erreleboa. Hala, azken asteotan bertara joan besterik ez du zuhaitz landare bila dabilenak.
Sindikatuan fruta arbolak dira nagusi, eta era askotakoak daude, besteak beste: abrikotondoa, almendrondoa, aranondoa, sagarrondoa, mertxikondoa, irasagarrondoa, udareondoa, mahatsondoa eta arbeletxekoa (15 euroan bakoitza); hurritza, gaztainondoa, gereziondoa, pikondoa eta intxaurrondoa (15,75 euro); eta kiwi eta kaki arbolak (25,75 euro). Bestetik, limoi, laranja, mandarina eta pomelo zuhaitz landareek eta olibondoak 23 euroko prezioa dute, lima arbolak 25,75 eurokoa, eta mizpirondoak 27,50 eurokoa. Ikusten denez, zerrenda luzea da, baina oraindik aukera gehiago badagoela esan behar da
Landarezaleen artera, berriz, marrubia iritsi da. Ibarrako Iguategikoen postuan zuten salgai, euro batean bakoitza.
Mimosa eta sagarrak
Garai honetakoa da ere mimosa lorea. Urtero bezala, Plaza Nagusiari bizitasun puntua ematera iritsi da aurten ere, kolore hori biziarekin. Aramatik iritsi dira urteko lehena Plaza Nagusira, eta gaur goizean Miren Jauregik zituen salgai alaba Jaione Irazustaren postuan. Sortaren prezioa 4 eurokoa zen.
Sagar kontuetan, bestalde, bi mota gehiago iritsi dira feriako eskaintzara, oraingoan Gabiriako Jose Antonio Elosegiren eskutik. Cripson Crisp eta Jonagold dira bi sagar berriak, biak azal gorrikoak eta zapore gozokoak. Elosegik goizean esan zuenez, aukera zabala du oraindik eskaintzeko, mota asko, baina geroz eta sagar gutxiago. Salmenta denboraldia laster amaituko duela iragarri du gabiriarrak.
Bestetik, Patxi Arizmendiren postuari begiratuta, lekaleak ere aipatu behar dira, aspaldian iritsi zen indaba beltzarekin batera, indaba zuri txikia ere baduelako salgai. Indaba beltza 17,5 euroan du, eta zuria txikia, 12 euroan. Gainera, txitxirioak ere eskaintzen ditu, baina horiek ez dira bere uztakoak, hemengo parajeetan ez baitira egiten. Aguraingoak dira, eta kiloa 4 euroan du salgai.
Bisitari ugari
Bisitariak ere aipatu behar dira, urtarrilak aurrera egin ahala, ugaritzen hasi direlako taldeak. GaurBasque Culinary Centerreko ikasle batzuk, eta Hondarribiko Talaia institutuko gazte taldea ibili da postuz postu, D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik.
Eguraldia izan dute lagun, tenperatura bai behintzat, azken egunetan leku askotan izotza utzi duen hotza alboratu eta epeldu egin duelako.