«Garai bateko bidaiarien espiritua dut oraindik ere»
40 urte baino gehiago daramatza Mirallesek bidaietan eta abenturetan murgilduta. Nairobitarrarekin hasi zen lehen bidaiak egiten, eta oraindik ere leku berriak ezagutzeko grinari eusten dio. Beti dago prest bidaiatzeko.
Gaur egun Lezon bizi da Ane Miren Miralles (Ordizia, Gipuzkoa, 1956). Han izan da hitzordua, eta irribarretsu azaldu da. Argazkiak ateratzeko garaian, zuhaitzez inguratutako eremu bat aukeratu du. Gustuko du natura. Hitz errazekoa da, eta begiak ñir-ñir dituela mintzo da egindako bidaiez gogoratzean.
Hainbat esparrutan ibili eta gero, nola definitzen duzu zeure burua?
Naturan asko gozatzen dut. Horrez gain, gure geneetan badaukagu nomaden ezaugarri bat, eta niri, behintzat, berdin zait bizikletan, arraunean edo oinez joatea leku batetik bestera. Egunero leku ezberdin batean egotea ere oso gustuko dut. Horregatik dugu nomada espiritua. Oso abenturazalea ere banaiz.
Nondik datorkizu abenturarako zaletasuna?
Neuk ere ez dakit oraindik! Txikitan, asmatutako ipuin asko kontatzen zizkidan aitak. Beti abenturako istorioak ziren, eta urteak aurrera joan ahala askotan pentsatu izan dut aitari entzundakoetatik datorkidala zaletasuna. Badaukat bitxikeria bat horren inguruan. Sei hilabete igaro nahi nituen Hego Amerika zeharkatzen, zaldiz. Baina artean zaldian ibili gabea nintzen. Nik ere askotan galdetzen nion neure buruari: «Eta zergatik egin nahi duzu zaldi gainean?» Denborarekin konturatu nintzen aitak askotan kontatzen zizkidala Rayo veloz izeneko zaldi baten abenturak, eta agian horregatik izango zela. Askotan kontatzen zizkidalako izango zela beharbada. Aitak kontatutako istorio asko egia bihurtzen ari naiz [barrezka].
Gogoan daukazu egin zenuen lehen bidaia?
Hiru pauso hiru norabide espedizioan izan zen, 1998an. Josu Iztueta bidaiariak egin zidan gonbidapena. Aurretik bidaia batzuk eginak nituen Nairobitarrarekin, eta haiekin joatea eskaini zidan. Ni ordurako irakaslea nintzen, eta urtebeteko eszedentzia eskatu nuen lehenbizi. Hasieran, espedizioko lehen zatia egitea zen nire asmoa, alegia, eskien gainean egin behar zutena. Eskiekin egin genuen lehen zatian 2.000 kilometro egin genituen, eta Oslotik Ipar lurmuturreraino [Norvegia] joan ginen. Eskiatzen jakitea zen gutxienekoa. Izugarrizko zama generaman gainean! Bi hilabete pasatu genituen lehen bidaia hartan.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.