Herri Planaren lehendabiziko fasea amaitu dute Ezkion
Hiru fasetan burutuko du proiektua Hiritik at kooperatibak. Lehenengo fasea amaituta hasierako ondorioak herritarrekin partekatuko ditu udalak, asteartean.
Etorkizuneko Ezkio herritarrekin batera irudikatu eta zehazteko helburuz, Herri plana proiektua jarri zuen abian Ezkio-Itsasoko Udalak urrian. Parte hartze prozesu baten bitartez gorpuztu nahi dute proiektua herritarrek ikusten dituzten gabeziak, beharrak edo zerbitzuak zeintzuk diren aintzat hartuta. Hirigintzaren ikuspuntutik, datozen urteetarako udalean egongo den lan taldearentzako esku-orri moduko bat osatzea da helburuetako bat.
Parte hartze prozesua Hiritik At kooperatiba ari da gidatzen eta hiru fasetan bereizi dute. Lehengo fase batean herritarrekin bilerak egin dituzte, dauden beharrak partekatu eta identifikatzeko. Solasaldiak azarotik abendura burutu ziren, auzoka. Behin lehendabiziko fasea amaituta, hasierako ondorioak herritarrekin partekatuko ditu orain udalak. Diagnostikoaren aurkezpen ekitaldia urtarrilaren 28an izango da, 18:30ean udaletxean.