Mendi film jaialdia Ataunera iritsiko da
Urtarrilaren 31n sarituak izan diren hiru film proiektatuko dituzte Herri Antzokian.
Bilboko Mendi Film Festival nazioarteko jaialdia Ataunen geldialdia egingo du urtarrilaren 31n, Mendi Tour zikloaren barruan. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura diru ardatz film jaialdi horrek.
Hiru izango dira proiektatuko dituzten filmak, hirurak ere jaialdian sarituak izan direnak: Jamie (Film labur onena), Zazpi (Euskarazko film onena) eta Of a Lifetime (Argazkilaritza onena). Emanaldia 21:30ean hasiko da, eta sarrera doan da.
‘JAMIE’
- Urtea: 2023
- Herrialdea: AEB-Kanada
- Iraupena: 18 min
- Zuzendaria: Darcy Hennessey
Sinopsia
Jamie Logan 70eko hamarkadako mendizale puntakoenetako bat izan zen, lehen igoera ugari egin zituen Ipar Amerikako hainbat bide gogorretan. Baina bazuen mendiko erronkek eta arriskuek baino izu-ikara handiagoa sortzen zion sekretu bat, 60 urte luzez isilik mantendu zuena: Jamie Logan alpinista eta arkitekto arrakastatsu, gogor eta kementsuak, emakume izan nahi zuen. 69 urterekin hasi zuen eraldaketa, eta orain, 76 urterekin, mezu hau helarazi nahi die bera bezalako beste trans pertsonei: bizitza ederra izan daitekeela, norbere buruarekin errespetuz jokatuz, zintzo izanez eta munduarekin konektatuago egonda.
‘ZAZPI’
- Urtea: 2024
- Herrialdea: Euskal Herria
- Iraupena: 37 min
- Zuzendaria: Mikel Lizarralde
Sinopsia
Euskal Herriko probintzia bakoitzeko mendi garaienak lotuko ditu Mikel Lizarraldek, eta, bidean, esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa jaso eta bizitzea zer den kontatuko du. Bizitza normal bat izan nahi duen optimista burugogor baten erronka eta 300 kilometro pasatxoko bidaia 11 etapatan.
‘OF A LIFETIME’
- Urtea: 2024
- Herrialdea: Frantzia
- Iraupena: 44 min
- Zuzendaria: Jerome Tanon
Sinopsia
De Le Rue freerider familia ospetsuak Antartikara eginiko bidaia: Xavier, 7 aldiz munduko txapelduna; Victor anaia txikia, 3 aldiz munduko txapelduna; eta Mila alaba, 18 urte bete eta lehen espedizioari ekitekotan dena. Xabier eta Victorrentzat, lehen jaitsiera sorta mugagabea duen jolas-parke erraldoia da leku hura; Milarentzat, berriz, mendi handietan freeride egiteko duen lehen aukera beldurgarria da. Esplorazioa, abentura eta belaunaldi aldaketa Antartikako agertoki ikusgarrian.