Ostiralean 19:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia, Igartza jauregian. Sarituen arten bi goierritar daude; Ander Villar eta Imanol Zubiaurre.
XI. Lemniskata matematika argazki lehiaketaren sari emate ekitaldia egingo dute bihar, ostirala, Igartza jauregian, 19:00etan. Lehiaketa hau, Argizpi argazkizale elkartearekin elkarlanean antolatu dute aurten ere.
Partaideen kopuruari dagokionez, 66 argazkilarik 200 argazki bidali dituzte. Epaimahaiak baloratu duenez, “aurkeztutako argazkien maila geroz eta altuagoa da, urtetik urtera”. Jasotako argazkien epaia egiteko Argizpi eta Gipuzkoako hainbat elkarteetako argazkilariak, eta matematikariak izan dira. Argazkiaren kalitatea eta matematika edukien arteko oreka gordetzen duten argazkiek jaso dute puntuaziorik altuena.
Sarituei dagokienez, Migel Lorenzo Vilchesek jasoko du lehenengo saria Pajaritos izeneko argazkiagatik. Bigarren saria, Jordi Casanovas Salasentzat izango da, Simetrias de la naturaleza izenburudun argazkiagatik. Hirugarren saria, berriz, Ander Villarrek jasoko du, Ramas geometricas argazkiagatik. Azkenik, tokiko saria, Imanol Zubiaurrerentzat izango da, Ideien laberintoan I izenburudun argazkiagatik.
1. saria
2. saria
3. saria
Tokiko saria
Sari banaketarekin batera inauguratuta geldituko da lehiaketan parte hartu duten argazkiekin osatutako erakusketa. Otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara.
Hitzaldia
Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Urtarrila, matematikaren bila zikloko hirugarren hitzaldiari hasiera emango diote. Oihana Garaialde matematikaria izango da hizlaria eta Zulo matematikoak eta matematikaren zuloak hitzaldia egingo du.
Euskal Herriko Unibertsitatean Matematikan lizentziatua eta doktorea, Alemanian ikerlari modura bi urtez lanean egon ondoren, 2019ko otsailaz geroztik EHUko Matematika Saileko irakaslea da Garaialde. Bertan, irakasle eta ikertzaile gisa dihardu. Bere ikerketa lanak aljebra eta topologia aljebraikoaren baitan kokatzen dira.
Jakintza arloan 12 artikulu argitaratu ditu, doktoretza tesi bat zuzendu du, nazioarteko 25 bat kongresutan bere lanak aurkezteko hitzaldiak eman ditu, hainbat Unibertsitateetan egonaldiak egiteko aukera izan du (Alemania, Estatu Batuak, Frantzia, Herbeerak, etab.), eta dozenatik gora ikerketa proiektutan parte hartu du. Aukera duen aldiro, matematikak gizartera gerturatzeko ahalegina egiten du.