Santa Lutzi errekan arrainak hilda agertu direla salatu dute Alegiko hainbat auzotarrek
Alegi auzoko zubi azpiko eremuan agertu dira hilik. Auzotarrek azaldu dute ez dela lehenengo aldia. Itsasoko batzorde buruak azaldu du egoera aztertzen ari direla.
Alegi auzoan, Gabiria, Itsaso eta Ormaiztegi udalerrien mugarria dagoen zubiaren azpiko Santa Lutzi errekako eremuan, arrainak hilda agertu direla salatu dute Alegiko hainbat auzotarrek. Atzo arratsaldean eman zuten abisua.
Goierriko Hitzari azaldu diotenez, ez da lehenengo aldia, eta aspaldidanik noizean behin eremu horretan arrainak hilik azaltzen direla esan dute. “Isuri batzuk izan daitezkeenaren” susmoa dutela ere esan dute. Gabiria, Itsaso eta Ormaiztegi artean dago auzoa. Gorka Sasieta Itsasoko batzorde buruak azaldu duenez, atzo izan zuten horren berri: “Itsasoko udal idazkaria erreketako zaintzailearekin jarri da harremanetan eta jakinaren gainean daude atzotik. Egoera aztertzen ari dira, baina ez dute deskubritu non izan den isuria edo zer gertatu den. Oraindik ez dakigu, jakinaraziko digutela esan digute”.
Jon Enrike Galarza Ormaiztegiko alkateak agertu duenaren arabera, Ormaiztegiko Udalak ere atzo bertan izan zuen horren berri, eta Ura Uraren Euskal Agentziari pasa zioten abisua: “Guardiako ikuskari bat joan zen bertara egoera ikustera, eta Ertzaintza ere bertaratu zen. Oraingoz ez dakigu ezer gehiago”.