Ederfil Beckerren, "sustoa"
Legorretako kooperatiban pabilioia altxatzeko lanetan ari dira eta soldatzen ari zirenean bulego zaharreko teilatuko zirriztuetara eroritako txinpartek eragin dute sute "lokalizatua", bertan pilatutako zaborrak sua hartu baitu. Kea zabaldu da lantokian, baina ez du kalte pertsonalik eta materialik sortu.
“Sustoan” geratu uda gaur goizean Legorretako Ederfil Becker kooperatiban izandako gertaera. 11:30ak aldera, kea ateratzen hasi da eta “aparotosoa” izan bada ere, kalterik ez dela gertatu dela adierazi du Asier Oiarbide zuzendari kudeatzaileak.
“Legorretako plantan pabilioia altxatzen ari gara, dorre batzuk altxatzen, makinak-eta sartzeko. Azpeitiko batzuk ari dira lan hori egiten eta soldatzen ari zirela, lehengo bulego zaharreko teilatuaren zirrizturen batera txinparta batzuk erori dira. Zirriztu horretan itxuraz pilatuta zeuden ia 50 urteetako [hurrengo urtean 50 urte beteko dituzte] hostoak, hautsa, zaborra… eta horrek hartu du su. Sugarrik ez, baina kea atera da. Teilatu guztiari buelta emanez kamara bat bezala omen dago eta kea ikusten zuen soldatzaileak, bulegoan ere kea azaldu da…”.
“Larritasuneko” momentua bizi izan dute, baina suhiltzaileak joan direnean, “teilatu zaharrean sakananune bat bezala zegoela ikusi dute, poltsa bat izango zen bezala eta hor omen zegoen pelota bat bezala eginda zikinarekin, eta sugarra hor omen zegoen. Nahiko lokalizatuta. Aparatosoa izan da kea ateratzen zelako alde guztietatik. Baina ez da ezer ere pasatu. Hosto bola hori desegin dute, ura bota die eta horretan gelditu da”.
Enpresa jendez hustu behar izan dute, baina “ez du inork kerik arnastu”. Oiarbideren esanetan, eraikinean ere ez dute kalterik izan. “Urik ez da sartu bulegora eta fabrikara”.