Gurutze Langarikak hirugarren saria irabazi du ardoari buruzko nazioarte mailako argazki lehiaketan, Errioxan
'Ardoaren kolorea' izenburuko bodegoia izan da saritutako lana. Lehiaketara 20 herrialdetako 280 argazkilarien 758 lan aurkeztu ziren.
Legazpiko Gurutze Langarika argazkilari afizionatuak nazioarte mailako El Rioja y los 5 sentidos (Errioxa ardoa eta bost zentzumenak) argazki lehiaketaren hirugarren saria irabazi du, Ardoaren kolorea izeneko lanarekin. Atzo jaso zuen saria Logroñon (Errioxa, Espainia) Caja Rioja La Merced aretoan, Errioxako gobernuko Landa Garanepeko zuzendari orokorra den David Martinen eta Caja Rioja Fundazioko lehendakari Carlos Fuentesen eskutik.
Lehiaketaren 26. edizio honetako irabazlea Esloveniako Boris Godnic izan da, Winter grafic 3, lanarekin, eta bigarrena beste esloveniar bat izan da, Sotoja Gorup, The heart lanarekin.
Sariak banatzeko ekitaldiaren batera, lehiaketara aurkeztutako 40 lan onenen erakusketa ere inauguratu zen. Otsailaren 22ra arte egongo da ikusgai.
Argazkilari legazpiarra txundituta eta oso pozik dago irabazitako sariarekin, maila handiko lanekin lehiatu delako. Guztira hogei herrialdetako 280 argazkilarien 757 lan zituen aurkari. Lehiaketaren xedea zentzumenen bitartez Errioxa ardoari gorazarre egitea da, eta Langarikak “ardo kopa bat edateak eragiten didan plazera” islatu nahi izan du argazkian. Horretarako bodegoi bat egin du, ardoz beteriko kopa batekin, eta ardoaren kolorea eta konposizioa oinarri hartuta. “Azkenaldian bodegoiak egiteko gogoarekin nenbilen, eta etxean aspertuta nengoen arratsalde batean, lehiaketa horretaz irakurri, eta parte hartzea pentsatu nuen. Lanak aurkezteko epea amaitzear zegoen, eta di-da batean prestatu behar izan nuen. Gaia ardoa eta ardo kopa izango zirela argi nuen, eta buruan egin nuen konposiziorako kopa egoki baten bila hasi nintzen. Xarpot tabernako Mikel Canterori eskatu nizkion batzuk, eta egokiena aukeratuta, hala egin nuen argazkia”.
Ez da Langarikak azken aldian irabazitako sari bakarra, eta hainbat argazki rallytan irabazitakoei esker, laugarren postuan sailkatu da iazko Herriz Herri Euskadiko argazki rallyen txapelketan.