Ordiziako plazako eraikina eraberriturik
100 urte dituen eraikina eraberritu dute Next Generationen diru laguntzarekin.
Ordiziako Plazako eraikinak 100 urte beteko ditu ekainean, eta aurpegi berriturik, garai berrietara egokituta iritsiko da mendea betetzera. Izan ere, Europako Next Generation diru laguntzei esker, egin dira zaharberritze eta eguneratze lanak. Lanen aurrekontua 1.092.653 eurokoa (Bez-a barne) izan da. Kopuru horren %80 (874-122 euro) Europako Next Generation lerrotik finantzatu da. Gainerakoa, udalak hartu du bere gain.
Hiru “lotetan” egin dira obrak. Batetik, Ordiziako plaza nagusiko eraikin estalia birgaitu dute (705.500 euro). Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “ez dira eraberritze lan errazak izan. 100 urte dituen eraikin batek bere zailtasunak dituelako, eta horretaz gain, monumentu multzo izendapena daukanez babestuta dagoelako”. Lanen helburua, “egituran eraberritze sakon bat egitea” izan da. “Dena berritu eta babestu da. Iragazgaitasuna ere bermatu da”.
Era berean, “herri erdian estalki lau bat daukagula aprobetxatuta”, 142 plaka fotovoltaiko jarri dituzte “energia berriztagarria lortzeko eta inguruan ditugun eraikin publikoak hornitzeko”. Guztira, 82 kW inguruko energia sortuko dute. Azken lan horren kostua 54.670 eurokoa izan da.
Lan berezia
Aitor Zubia obra zuzendariaren esanetan, lan berezia izan da Ordiziako plazakoa, “babes berezia duten eraikinetan lan egiteko erak ere bereziak” behar direlako. “Kontu bereziarekin ibili behar da”. Gainera, “normalean horrelako eraikinak egurrezko eta harrizko egitura izaten ohituta gaude. Kasu honetan, hormigoizkoa da, Gipuzkoako hormigoizko lehenengo eraikinetako bat”.
Eraikinaren originaltasuna lortzen eta mantentzen saiatu dira, adituekin elkarlanean. Hala ere, “eraikin honek eskuartze asko eduki du, gehienbat beheko parteetan. Erabiltzen den eraikin bat da, eta esan dezakegu nahiko kaltetuta zegoela. Baina saiatu gara bere hasierako originaltasunera bideratzen”.
Azokarako
Beste helburu bat ere izan du eraberritze lanak Ezenarrok nabarmendu duenez: asteazkeneroko azokara azpiegiturak eraberritzea. “Argiteria berritu da, instalazio elektriko guztia ere berritu da”.
Eta “urteetan” izan den eskaera bati ere erantzuna eman nahi izan diote: “Batez ere negu beltzean datozenak modu erosoagoan egotea”. Horretarako, “toldo moduko batzuk jarri ditugu jaitsi eta igotzen direnak. Alde batetik, euritik eta eguzkitik babesteko. Ez dira beheraino jaitsiko, baina beheko partea beste itxitura mugikor batzuekin babestuko dugu”.
Alkatearen esanetan, pandemia garaian, ekitaldietarako plaza plastikoz ixten zutenen konturatu ziren, “bi metrora arteko babes batek asko egiten zuela, haize korronteak kentzen zituela. Hori egin nahi dugu azoka egunetan, gutxienez, saltzaileen atzeko alde hori babesteko”.
Ehuneko babesak edo olanak instalatzeak 179.645 euroko kostua izan du.
Beste lan batzuk
Next diru laguntza lerroan barruan, beste hainbat ekimen ere eraman dituzte aurrera Ordizian. Azokako webgunea eraberritu dute, erosketak aplikazio baten bidez egiteko aukera jarri dute, eta online erosketak jasotzeko takillak ere jarri dituzte udaletxe azpian. Bestetik, azokaren inguruan egiten diren ekintza berezietarako elementu berriak ere egin dira; besteak beste, sukaldea eta informazio gunea.
Sailtzaileak pozik
Jose Antonio Elosegi eta Ixiar Etxeberria azokako saltzaileek ere aukera izan dute plazako eraberritze lanak bertatik bertara ikusteko. Bata zein bestea pozik daude emaitzarekin.
Elosegiren ustez, “aurrerapauso handia” eman da, “beharrezkoa zen eta nik ondo ikusten dut”. Etxeberriaren ustez ere “obra oso ondo” geratu da. “Beharrezkoa zen. Ea orain jendeak errespetatzen duen eta ondo zaintzen duen. Honek kostu handia izan eta denon artean zaindu behar dugu”.
Teilatura igotzea ere “esperientzia ona” izan dela azpimarratu dute. “Merezi izan du. Ondo geratu da dena. Bista onak daude gainera”.