San Ignazio auzoa eta Laubideko haur parkea lotzen dituen eskailerak berritzen hasi da udala
Ezin da arrapalarik egin, eta goitik behera berrituko dituzte eskailerak, argiteria egokitzeaz gain. Lau astez luzatuko dira lanak.
Legazpiko Udalak San Ignazio auzoa eta Laubideko haur parkea lotzen dituen eskailerako berritzeko obrak hasi ditu aste honetan, Hirigintza arloko teknikariek idatzitako proiektuari jarraiki. Lanek 42.931 euroko aurrekontua dute, eta lau astez luzatuko dira gutxi gorabehera. Art Eraikuntzak, S.L. enpresa egiten ari da obra.
Udalak jakinarazi duenez, obra hau 2024ko aurrekontuetan onartutako proiektuen barruan zegoen, eta Gobernu Taldearen Legealdi Planean “udalerriko auzoetarako jasotako hobekuntzei egiten die erreferentzia, legealdiaren hasieran herritarrek egindako eskaerei erantzunez”.
Eskailerak eta argiteria
San Inazio auzora sartzeko eskailera hauek XX. mendeko 1970eko hamarkadaren amaieran egin zituzten, Laubide auzoko etxebizitzen sustapen pribatua egin zenean. Legazpiko Udala da eskailerak dauden lursail horren jabea, baina jarduketa eremua lurzati pribatu baten mugakidea da. Proiektuaren helburua irisgarritasuna hobetzea eta egungo garaiekin eta araudiekin bat datorren sarbidea egokitzea da. Horrela, sarbide eskailerak berritzeaz gain, argiteria publikoa ere aldatuko da.
Lurra eta mailen, zabaleren, arrapalen eta eustormen egungo egoera aztertu ondoren, eta egungo araudia kontuan hartuta, “guztiz ezinezkoa” da arrapala bat egitea. Horregatik, goitik behera aldatuko dituzte eskailerak, eta hiru gunetan banatuta antolatuko dituzte. Hala, goiko aldean, plataforma bat jarriko dute eskailera tarteak luzatzeko eta mailek araudiak eskatzen dituen dimentsioak izan ditzaten. Hormigoizko hormatxoak ere egingo dituzte, eskailera berriak eusteko, eta eskailera tarteen zabalera bi metroraino luzatzeko eta irisgarritasun araudia betetzeko. Mailak jartzen diren gunean, gainera, baranda jarriko dute, bi alboetan eta bi altueratan.
Argiztapenari dagokionez, farola berria jarriko dute San Inazio auzoko zebrabidea argiztatzeko, lehen ez baitzegoen. Luminaria horrek lau metroko altuera izango du, eta 63 W Led-en.
Azkenik, euri uren saneamendua ere eraberrituko da San Inazio auzoko zatian.