Mintzalagunen lehen topaketa egingo dute ostiralean Itsasondon
Euskaraz dakitenak eta ez dakitenak elkartuko dira, euskaraz trebatzeko, 19:00etan plazan.
Herriko euskararen erabileraren gutxitzeak kezkatuta, «eta gure herrian euskaraz ez dakitenak herri bizitzan euskaraz integratu» daitezen, Itsasondon ere Mintzalagun dinamika jarriko dute martxan. Euskaraz dakitenak eta ez dakitenak elkartu eta euskaraz trebatzea da proiektuaren helburua.
Lehen topaketa ostiralean, urtarrilaren 31n egingo dute, Itsasondoko plazan, 19:00etan. Dagoeneko bederatzi lagunek interesa agertu dute. Ostiralean, proiektuaren xehetasunak emango dituzte.
Euskaldunak, %75,04
Eustaten datuen arabera, 2021ean itsasondoarren %75,04ak euskaraz daki. Euskara ama-hizkuntza dutenak, 266 ziren 2021ean. 2024an 685 biztanle zituen Itsasondok eta atzerrian jaiotakoak %16,60.