Txakel Urartek bigarren saria irabazi du Gandian, Aste Santuari buruzko argazki lehiaketan
Legazpiarrak 'Aste Santua itsasoan' izenburuko lana aurkeztu du lehiaketaren 46. ediziora. Estatu osoko 1.800 argazki inguru aurkeztu dituzte, hiru ataletan banatutako sariketara. Urartek Aste Santu orokorrari buruzko atalean irabazi du saria.
Txakel Urarte diseinatzaile eta argazkilariak bigarren saria irabazi du Aste Santuari buruzko Gandiako 43. Argazki Lehiaketan (Valentzia, Espainia), Aste Santua itsasoan izenburuko lanarekin. Gandian bertan izan da legazpiarra saria jasotzen asteburuan, eta lehiaketara aurkeztutako lanen aukeraketarekin egindako erakusketaren inaugurazioan ere izan da.
Aurten 43. ediziora iritsi den lehiaketa honek ospe handia du Espainia osoan eta nazioarte mailan. Hiru atal ditu, horietako bat gai librekoa. Beste biak Aste Santuari buruzkoak dira, eta batean Aste Santua orokorrean sartzen da, eta bigarrenean, Gandiako Aste Santua. Urartek Aste Santu orokorraren atalean irabazi du saria. Hiru ataletako lanak batuta, 1.800 argazki inguru aurkeztu dituzte 27o argazkilarik.
Urarteri saritutako lanak Semana Santa en el mar, edo Aste Santua itsasoan du izenburua. Prozesioetan ateratzen diren nazarenoen itxura hartzen duten arrantza sare moreak erretratatu ditu argazkirako. Getariako portuan ateratako argazkia dela azaldu du Urartek, “zeuden bezala atera nien argazkia, eta ezer gutxi tratatu dut irudia gero”. Sareek hartutako formak eta koloreak egin dute gainontzekoa, ikuslearen “subkontzientea engainatzera arte”. Urarteren iritziz, “ohikotik ateratzen delako” eman diote saria.
Lan hori, saritutako gainerako argazkiak eta lehiaketara aurkeztutako guztien aukeraketa ikusgai egongo dira otsailaren 20ra arte, Casa de la Marquesa aretoan. Gainera, argitalpen batean ere jasoko dituzte, PDF formatuan. Iazko txapelketako argitalpenean ere jasota dago Urarteren lan bat, saririk jaso ez bazuen ere.