Txerrikia eta ogi mamiak, Legazpiko extremaduratarren festako protagonistak
La Bellota kultur elkarteak urtero antolatzen du txerri hilketaren ondoko festa Legazpiko Azokan.
Extremadurako jatorria duten legazpiarrek urteroko txerri hilketaren ondoko festa ospatu zuten atzo Azokan, ospakizuna gainerako herritarrekin konpartituz. Txerrikia eta ogi mamiak izan ziren festaren protagonista gastronomikoak, Espainiako lurralde horretako ardoarekin batera. Musika, berriz, elkarteko Sones de Extremadura taldeak jarri zuen.
Aurtengo festak kutsu berezia izan du, La Bellotak bere 30. urteurrena ospatuko duelako aurten. Pandemiak eta hainbat arrazoik atzeratu duten ospakizuna izango da, berez 2020an bete zituelako 30 urte elkarte honek. Urteurrena gogoratzeko, atzoko txerriki dastaketarako txerri iberikoa erabili zuten, beste urteetakoak baino kalitate hobekoa, beraz.
Urteurrenaren ekitaldi nagusia otsailaren 16an izango da. Bazkaria egingo dute, Extremadurako musika talde bat gonbidatuko dute, eta beste ekitaldi batzuekin beteko dute eguna.