Urrea eta zilarra Legazpira, Gipuzkoako judo txapelketatik
Endika Perez de Arenazak eta Anderson Rosariok irabazi dituzte bi dominak, junior mailan.
Judo Legazpi klubeko kideak dominekin itzuli dira asteburuan, Urnietan jokatu den Gipuzkoako junior txapelketatik. Endika Perez de Arenazak urrea irabazi du M-81Kg kategorian, Anderson Rosariok zilarra M-90Kg kategorian, eta Xabier Parrak bosgarrena izan da M-73Kg mailan. Ibai Gilek eta Unax Pereirak ere parte hartu zuten, M -73Kg mailan.
Perez de Arenazak lehiatik urte bete kanpoan egon eta gero lortu du urrezko domina, hasieran urduri ibili bazen ere. Rosariok, berriz, kadete mailatik juniorrera igo berritan irabazi du zilarra. Eta Parraren bosgarren postua, azkenik, «injustua» izan dela adierazi dute entrenatzaileek, «ez duelako islatzen azken hilabeteetan egin duen lan handia».