Itzuliaren etapa bukaera eta hasiera bana Beasainen
Apirilaren 9an Zarautz eta Beasain lotuko dituen etapa jokatuko da, eta apirilaren 10ean Beasain eta Markina artekoa. 2013an hartu zuen azkenekoz Itzuliaren etapa bat Beasainek.
Itzuliaren antolatzaileek aurkezpen ofizialik egin ez badute ere, baieztatuta dago 2025eko Itzuliak etapa bukaera bat eta hurrengoaren hasiera hartuko dituela Beasainek.
Apirilaren 9an Zarautz eta Beasain artean jokatuko da Itzuliaren hirugarren etapa, eta laugarrena Beasain eta Markina artean apirilaren 10ean. Itzulia apirilaren 7an hasiko da Gasteizen, eta apirilaren 12an Eibarren bukatu.
Hamabi urte dira Itzuliaren etapa bat Beasainen hasi edo bukatzen ez zela. 2013an izan zen hori, 53. edizioa. Orduko hartan, Eibar eta Beasain artean jokatu zen bosgarren etapa, eta seigarrena eta azkena Beasain-Beasain erlojupekoa. Nairo Quintanak irabazi zuen itzuli hura, bigarren Richie Porte sailkatu zen eta hirugarren Sergio Luis Henao.
Baieztapen ofizialaren zain, honakoa da 2025eko Itzuliaren behin-behineko ibilbidea:
- Apirilak 7, astelehena: Gasteiz-Gasteiz (erlojupekoa)
- Apirilak 8, asteartea: Iruñea-Lodosa
- Apirilak 9, asteazkena: Zarautz-Beasain
- Apirilak 10, osteguna: Beasain-Markina
- Apirilak 11, ostirala: Orduña-Gernika
- Apirilak 12, larunbata: Eibar-Eibar