Bueltan dira heriotzari buruz hausnartzeko tailerrak Lazkaon
Otsailaren 24an izango da zikloaren inguruko hitzaldi informatiboa.
Lazkaoko bizilagunek Hil Arte Bizi tailerren bigarren edizioan parte hartzeko aukera izango dute. Heriotzari buruz hausnartzeko eta gai horren inguruan erabaki informatuak eta kontzienteak hartzeko tresnak eskaintzeko diseinatutako ekimena da. Nere Erkiaga adituak euskaraz ematen dituen tailerrak dira, eta helburua, besteak beste, heriotzaren inguruko beldurra murriztea eta bizitza osoagoa eta irekiagoa sustatzea da.
Otsailaren 24an, astelehena, 18:00etan, hitzaldi informatiboa egingo dute Lazkaoko udaletxean, eta tailerren helburuak, edukiak eta zikloaren metodologia zehaztuko dituzte bertan. Zikloak lau saio izango ditu, martxoaren 17an, 24an eta 31n, eta apirilaren 7an, guztiak 18:00etan. Saioak herritarren eskubideak eta heriotzari buruzko erabakiak hartzea bezalako gaiak lantzeko diseinatuta egongo direla adierazi du udalak.
Saioetan parte hartzeko ez da ordaindu behar. Doakoa izango da. Baina plaza mugatuak egongo direnez, aurrez izena ematea gomendatzen du udalak. Otsailaren 24tik martxoaren 12ra arte interesdunek izena eman ahal izango dute, telefonoz, 943 08 80 80 zenbakira deituta, edo posta elektronikoz, a.naldaiz@lazkao.eus helbidera idatzita.
Heriotza, gai tabua
Lazkaon ez ezik, hizlari bera hainbatetan egon da Goierriko beste zenbait herritan, Ordizian esaterako. Maiz bere hitzaldietan aipatu izan duen eran, heriotzaren aurrean prestatuta egotea ezinbestekoa da, «baina horretarako funtsezkoa da ditugun eskubide eta erabakimenak ezagutzea». Doluan daudenentzako, ordea, ez dela hitzaldi esanguratsua dio adituak: «Doluan gaudenean beste prozesu batean gaude, beste jakintza batzuk jaso behar ditugu. Beste prozesu batzuk daude»