San Blas eta Santa Ageda bezperako ospakizunak, Zerainen
Meza eta janari bedeinkapena egingo dituzte San Blas egunean. Santa eskean aterako dira, bestalde, otsailaren 4an.
Datorren astelehenean, otsailak 3, San Blas eguneko ospakizunak egingo dituzte Zerainen. Ohi bezala, meza eta janari bedeinkapena egingo dituzte; eguraldi ona bada San Blas ermitan bertan; txarrarekin, herriko elizan. Mezari 17:30ean emango zaio hasiera eta ondoren, merienda egingo dute Liztormendi elkartean.
Hurrengo egunean, otsailaren 4an, ospatuko dute Zerainen ere, ohitura denez Santa Ageda bezpera. Uharka abesbatzak eta ZerainLabek antolatuta kantu errondak egingo dituzte herrian. Goizean, herri eskolako haurrak irtengo dira kantuan eta arratsaldean, herritarrak. 15:00etan abiatuko da talde bat Aizpe eta Barbari auzoetara eta 17:00etan, herri inguruko baserrietako eta etxeetako errondari ekingo dio beste talde batek. Iluntzean, bi taldeak herrigunean elkartuko dira.
Ohi bezala, eskuratutako diruaren erdia Liztormendi elkartearentzat izango da eta beste erdia, ZerainLabek urtean zehar egiten dituen ekintzak finantzatzeko. Antolatzaileek ohar baten bidez herriko musikariak gonbidatu dituzte instrumentuekin errondetan parte hartzera. Behin eskea amaituta, Ostatun afaria egingo dute. Pertsonako 22 euroko kostua izango du afariak eta igandea, otsailak 2, izango da izena emateko azken eguna. Izena Ostatun bertan eman daiteke, baita abesbatzako kideei jakinarazita ere.