Txomenarena parkeak itxura berrituta ospatuko du mendeurrena
Eraberritze lanek ia 54.000 euroko aurrekontua izan dute. Lan gehienak eginda dauden arren, batzuk egiteke daude. Lanak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan egin ditu Idiazabalgo Udalak.
Idiazabalgo Txomenarena parkeak mendea beteko du aurten, eta itxura berrituta ekingo dio aro berriari. Pasa den urteko udan hasi ziren biodibertsitatea eta azpiegiturak hobetzeko lanak, eta dagoeneko amaituta daude lan horietako asko. Guztira, 53.923,80 euroko aurrekontua izan dute eraberritze lanek, Europako Next Generation diru laguntzarekin finantzatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanari esker. Hain zuzen, aldundiko eta Idiazabalgo Udaleko ordezkariek parke berrituaren inaugurazio ekitaldia egin dute gaur. Bertan izan dira Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasunerako diputatua; Daniel Solana, Basquetourreko zuzendari nagusia eta Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkatea eta Jaione Munarriz, ingurumen zinegotzia, besteak beste.
Txomenarena Idiazabalgo parke «esanguratsuena» da; herrigunean kokatuta 6.400 metro koadroko azalera du. «Txomenarenea parkea berezia da idiazabaldarrontzat. Urteak zeramatzan mantentze lanik egin gabe eta beharrezkoa zuen horrelako berrikuntza bat», azpimarratu du Idiazabalgo alkateak.
Ongizatea helburu
Asensiok, bere aldetik, ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berretsi du, «jasangarritasunarekin dugun konpromisoak ingurumenaren babesa eta herritarren ongizatea uztartzen dituzten proiektuak sustatzen jarraitzera bultzatzen gaitu. Txomenarena ez da soilik espazio berde bat; natura, ezagutza eta komunitatea leku berean integratzeko moduaren adibide ba baizik», esan du.
Herrigunetik parkera igotzeko eskailerak berritu dituzte, aurretik zeudenak «hondatuta» baitzeuden. Egurrezko egituraren ordez, zementuzko bat egin da «egur itxurako akaberarekin».
Bestetik, parkearen bioaniztasuna hobetzeko landare bizikorrak eta lorea ematen duten zuhaixkak landatu dituzte 70 metro koadroko eremu lau batean. Hegaztientzako babesleku izango dira zuhaitzak, eta orotara, 135 metro koadroko basoa sortu dute. Itzal eremu bat ere jarri dute hormigoizko paretaren inguruan, 400 bat metroko azaleran. Iñigo Segurola paisajistak garatu du proiektua. Bere garaian, parkea berritzeko lanetan parte hartu zuen. Hasierako proiektuan anfibioentzako ekosistema egoki bat sortzeko helburuarekin putzu bat egitea aurreikusi bazuten ere, azkenean ez da posible izan. «Eskaileren lanek eraman dute aurrekontuaren zatirik handiena», azaldu du Munarrizek.
Parkearen goiko aldean, haurrentzako tirolina bat ere jarri dute, egurrezko egiturarekin. Gainera, «mantenu lan asko» ere egin dira, «gehienak eginda daude baina oraindik txukunketa batzuk eta zenbait lan txikiago egitea falta da», gehitu du alkateak. Falta diren lanak egiteko diru laguntza berriak eskatuko dituztela aurreratu du era berean. Berrikuntza lanen azken fasean, haurrentzako jolas parkea ere berrituko dute.