Barazki landareetan hasi da mugimendua
Ganbaran ondo heldu arte gordetako sagar mota berri bat iritsi da feriara, baita urteko lehen ardi gazta ere, Nafarroatik.
Urte hasiera ez da izaten egokiena Ordiziako azokan berritasunak ikusteko, eta aurtengoa ere halakoa gertatzen ari da. Baratzak neguko atsedenean sartuta daude, eta produktu berriak iristeko oraindik falta da apur bat.
Bitartean, ganbaretan ondo gordetako sagarrak apurka-apurka ari dira saltzera ateratzen, eta aurrerago begira jarrita, landareen eskaintza ere mugitzen hasita dago. Bi atal horietan aurkeztu dira gaurko berritasunetako bi.
Batetik, Gabiriako Jose Antonio Elosegik sagar mota berri bat aurkeztu du, sagarrondotik bildu ondoren ganbaran gordeta edukitakoa, beharrezko heltze prozesua amaitu arte. Alpigala motako sagarra da, azal gorrikoa eta zapore gozokoa. Kiloa 3,5 euroan jarri du salgai.
Bestetik, Ibarrako Montesen postuan errefautxo landarea hasi da saltzen gaur Patxi Izagirre, 0,20 euroan bakoitza.
Landareei dagokienez, azken asteetan egindako euri eta hotzaren ondorioz, aldatze eta ereite lanak egiteko garairik onena ez dela esan dute baserritar batzuk, ezta haziak ereiteko ere. «Euri asko egin du, dena lokaztuta dago, eta ez dago ia baratzera sartzeko modurik. Eta euriaren ondoren izotza egiten badu, oraindik okerrago da lan horietarako». Baina aldi berean, eguraldia garaian garaikoa izan behar dela ere esan dute, eta orain, negua izanik, halakoa tokatzen da.
Ardi gazta berria
Baina Ordizian berritasun guztiak ez datoz baratzetatik edo zuhaiztietatik, eta hor dago gazta, adibidez, gaurko beste protagonista bat. Izan ere, iritsi da ardi gazta berria, Idiazabal jatorri izendapenik gabea, baina batek zioen bezala, «hemen Idiazabal baino gazta gehiago badago!».
Mikel Lasaren postuan izan dituzte salgai denboraldiko lehen ardi gaztak, «suabeak» oraindik. Nafarrak dira biak, bata Intzakoa eta bestea Olaztikoa. Kiloa 22 euroan dago gazta berria.
Valentziako babak
Produktu honetarako oraindik asko falta dela entzun da goizean plaza inguruan, baina Zuhaiztira bai, iritsi dira. Urteko lehen babak Iriarte fruta saltzaileek izan dituzte salgai, Valentziakoak, kiloa 5,9 euroan.
Bisitari gazteak eta instituzionalak
Bisitariak ere izan dira gaur, azken asteetan bezala. Batetik, Hondarribiko ikasle gazteak ibili dira plaza inguruan, D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik; Hondarribiko Talaia institutuko ikasleak ziren.
Gainera, bisita instituzionalak ere izan dira, bi. Batetik, Goieki eta Goiturren eskutik, El Salvadorko ordezkaritza bat ibili da ferian, Los Izalcos Mikroeskualdekoa. Herrialde hartako turismo garapena bultzatzeko plana ari dira lantzen, eta Goierri hartu dute eredutzat.
Turismoarekin lotutakoa izan da baita ere bigarren bisita instituzionala. Honako hau Basquetour turismo agentziatik iritsi da, eta hau Mexikon zabaltzen ari den Euskadi Confidential goi mailako eskaintza turistikoaren barruan kokatzen da. Hain justu, eskaintza hori Mexikon saltzen ari den agentea izan da bisitan Ordizian, azoka ere bertan saltzeko.