Klima eta Energia plan berria onartu dute Ordizian
2030. urtera arteko helburuak zehaztu dituzte. Udalaren energia kontsumoa murriztea, CO2 isuriak jaistea edo autokontsumora bideratutako energia berriztagarrien ekoizpena handitzea dira jarri diren helburuetako batzuk.
Abenduaren 19ko Ordiziako udalbatzan, aho batez onartu zuten Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko plana. Herriko eragile desberdinekin osatutakoa da, klima neutraltasuna lortzea eta erresilientzia handitzea helburua dituen plana. 2030era arteko ibilbidea eta helburuak zehazten dira bertan.
Maitane Alvarez zinegotziak gaurko aurkezpenean adierazi duenez, “planaren helburua da klima larrialdi egoera honi aurre hartu eta egokitzea”. Horrekin batera, “energia gaietan plangintza bat ezartzea, dauden hainbat legeri erantzuteko. Udal bezala betebehar batzuk ditu udalak, eta beraz, horiei aurre egiteko bidea izango da plana”.
Parte hartze prozesu baten emaitza da Klima eta Energia plana. Laiako Rosa Aurkiak nabarmendu duenez, “legeak ezartzen duen bezala, partaidetza bultzatu beharra dago horrelako planak onartzeko”. Lehenengo lanketa, udal barruan egin zuten, eta ondoren Lurraldeko lantaldea sortuta, herritarrengana eta ingurumenaren inguruko elkarteetara gerturatu ziren.
Aurkiaren esanetan, ahalegin berezia egin dute gazteengana hurbiltzeko: “Ikusi genuen gazteak ez zirela hurbildu eta oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun gazteen partaidetza. Orduan, Jakintza eta Oianguren ikastetxeetara gerturatu gara, eta gazteei elkarrizketak egin dizkie, gaiaren inguruan hausnarketa bat egin eta zein ekintza ikusten dituzten baliagarriak energia kontsumoa murrizteko eta klima aldaketari aurre egin eta egokitzeko”.
Jarraipena
Udalaren energia kontsumoa murriztea, CO2 isuriak jaistea edo autokontsumora bideratutako energia berriztagarrien ekoizpena handitzea dira jarri diren helburuetako batzuk. “Egia da ez garela zerotik hasi, aurreko energia planetik gentozen, dagoeneko indargabe zegoena. Bertako ekintza batzuk martxan daude eta oraingo planaren ekintza batzuk ere martxan daude, instalazio fotoboltaikoak kasu”.
2023 eta 2024 artean guztira 264 eguzki plaka jarri dituzte Ordizian: udal biltegian 12, Majori kiroldegian 120 eta plaza nagusiko eraikinean 142. “Bagoaz pixkanaka, kontuan hartu behar delako, planak jasotzen duen helburu bat dela, gastatzen dugun energiaren %35a sortu beharra daukagula udal bezala”.
Helburuak
2030. urterako ondorengo helburuak zehazten ditu Ordiziako Klima eta Energia planak:
- Energiaren udal kontsumoan gutxienez %35eko aurrezpena.
- Autokontsumora bideratutako energia berriztagarrien ekoizpena gutxienez %32ra heltzea. “Energia berriztagarrien instalazioak kontsumituko diren eremutik ahalik eta gertuen kokatzea lehenetsiko da”.
- CO2 isuriak %30 jaistea.
2050 urterako helburua:
- Energiaren udal kontsumoan %60ko gutxieneko aurrezpen energetikoa.
Alvarez zinegotziak onartu duenez, “egia da, helburuak ikusita, oso helburu exijenteak direla. Lan latza daukagu helburu horiek lortzeko. Baina baita ere, oinarri bat da, denok onartutako zerbait izatea, gero datozen urteetan ere konpromisoarekin jarraitu eta ekintza horiek aurrera eramateko”. Bost urtetik behin berritzen den plana da.
Ekintzak
Eguzki plaken instalazioez gain, Aurkiaren esanetan, une honetan kaleko argiteria Led-era aldatzen ari dira Ordizian. Horrekin batera, “asmoa ere badago komunitate energetiko baten sorrera bultzatzea udal mailan”. Bestetik, egokitzapenei begira, “udalerrian dauzkagun berdegune hauei indarra ematen” ari dira, “bero garaietan jendeak edukitzeko aukera bat nora joan, eta lasai egoteko”.
Aitortu dutenez, “energiaren murrizpena ere hor dago, zailtasun gehien ematen duena, baina lehentasun bezala eduki behar duguna”. Alvarezek aurreratu duenez, “espero dugu lehen datuak otsailean edukitzea eta orduan esango dugu instalazio bakoitza zenbat sortzen ari den”.
Babesguneak
Udarako babes guneetarako “arnasgune nagusiak” Oiangu eta Barrena izango dira Ordizian. “Baina horrek eskatzen digu utziago ditugun beste eremu batzuk berreskuratzea. Adibidez, Anselmoren baratza. Momentu honetan ez da erabiltzen baina etorkizunean zuhaitzez inguratutako gune bat izan daiteke. Identifikatu eta espazio eroso bilakatu behar ditugu”. Anselmoren baratza parke bilakatzeko proiektu bat garatzen ari dira. Interbentzio gutxiko parkea izango da. Zuhaitzak mantendu, belarra, goiko zatiarekin lotzen da, egokituko dute. Aulki batzuk jarri. Gune eroso bat. Babesgune txiki bat bero handia egiten dutenerako.