Ordiziako Haur Txokoa, 0-4 urteko haur eta familien elkargunea
Larunbat eta igandeetan, 16:00etatik 19:30era egoten da irekita. 0-4 urteko haur eta familientzat da. Hilean behin, ipuin kontaketak.
Pasa den ikasturtean sortu zuten Ordizian Haur Txokoa Zuhaizti gizarte etxean, 0-4 urte bitarteko haurrentzat eta familientzako txokoa. Zuhaiztiko obrak direla eta, behin-behineko tokian dago: Barrena jauregiko bigarren solairuan, Bertso Eskolaren gelan.
Adin tarte horretara egokitutako material berriarekin eta txoko desberdinez hornitu dute, haurraren garapenerako txoko desberdinak antolatuta. Sukaldea, psikomotrizitateko tokia, eraikuntza, erlaxazioa, altxorraren saskiak, ipuin txokoa, garraio txokoa… Marta Ortega zinegotziaren esanetan, «Zuhaiztiko espazioa askoz ere hobea da», eta horregatik, «berandu baino lehen Zuhaiztira itzultzeko esperantzarekin» daude.
0-4 urte artekoentzat
0-4 urte bitarteko haurren eta familien erabilerarako doako txokoa da. Maiatzera arteko larunbata eta igandeetan egongo da irekita (zubietan itxita), 16:00etatik 19:30era. Ez dago izenik eman beharrik; «Espazioa irekita dago, eta ordutegi horren barruan edonor etorri daiteke Haur Txokora».
Haurrak heldu baten ardurapean egon beharko du beti. «Ez da zaintza toki bat», dio Ortegak. «Herrian adin horretako haurrentzako egokitutako espaziorik ezean» sortu dute.
Ipuin kontaketak
Ekintza osagarriak ere antolatzen dituzte, eta dagoeneko aurkeztu dute maiatzaren 24ra arteko egutegia. Otsailaren 16an, martxoaren 15ean, apirilaren 6an eta maiatzaren 4an ipuin kontaketak izango dira eta maiatzaren 24an txotxongiloak. 18:00etan zehaztu dute ordua.
Haurren jolaserako eta gozamenerako bakarrik ez, herriko familiak elkar ezagutzeko tokia ere bada Haur Txokoa Ortegaren esanetan, «harreman berriak sortzeko, elkarbizitzarako, integraziorako».