Azoka sustatzeko deskontu bonuak jarriko dituzte salgai larunbatean
Deskontu bonu horiek 20 eurokoak dira; erosleak 10 euro ordaintzen ditu eta udalak beste 10. Martxoan eta apirilean ere salduko dituzte eta astearteko azokarako ere balio dute. Herriko ikastetxeekin batera garatu dute ekimena.

Otsaileko lehenengo larunbata izango da etzikoa, eta ohiko moduan, azoka berezia egingo da Beasainen, eta azokaren sustapenerako bonuak jarriko dituzte salgai. Beasaingo Udalak, Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeekin batera elkarlanean gauzatu ditu erosketa bonu hauek, azokan erosketak egiteko ohitura bultzatu eta bertako ekoizleak laguntzeko helburuarekin.
Bonuak 20 eurokoak izango dira; erosleak 10 euro ordainduko ditu, eta Udalak beste 10 euroak jarriko ditu, honela, 20 euro gastatu ahal izateko. Bonu bakoitza, 5 euroko lau zatitan banatuta egongo da, eta pertsona bakoitzak, bi bonu erosi ahal izango ditu, gehienez. Martxoko eta apirileko azoka berezietan ere salduko dituzte. Bonu hauek, urte osoko hileko lehen larunbateko azokan ez ezik, astearteko azokan ere gastatu ahalko dira.
Azoka, 10:00etan irekiko dute. 11:30ean, lore lehorrekin apaingarriak egiteko ikastaroa egingo dute. 13:30ean, azokako produktuez osatutako bi saski zozkatuko dituzte eguneko erosleen artean. 14:00ak arte zabalik egongo da azoka berezia.