Basurde uxaldiak egiteko akordioa lortu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ehiza Federazioak akordioa lortu dute basurdeen eta orkatzen ehiza-uxaldiak berriz ere egin ahal izateko.
2023ko abenduan ehiztari baten tiro baten ondorioz Deban hildako emakumearen gertaerak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Ehiza Federazioaren artean arrakala sortu zuen. Protokoloa berrikusi zuen orduan aldundiak, eta ehiztari kuadrillek hura betetzeko baldintzak betetzen ez zituztela ikusita, basurde eta orkatz uxaldirik ez egitea erabaki zuten.
2024ko irailaren 1ean zabaldu zen basurde eta orkatz ehizatzeko denboraldia, baina ehiztariek planto egitea erabaki zuten. Harrezkero asko izan dira basurdeek hainbat landa eremuetan egindako kalteak zabaldu diren bideoak, eta ezinegon handia sortu da baserritarren artean bereziki.
Atzo arratsaldean bilera egin zuten aldundiak eta ehiza federazioak, eta ehiza uxaldiekin berriz hasteko akordioa lortu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiko Oreka Berdea departamenduak adierazi duenez, ehiza jarduera “segurtasunez garatzeko mapa digitalizatu zehatzagoak landu” dituzte. Akordio horrekin “espezie horien populazio kontrola indartzen” dutela eta “inguruarekiko elkarbizitza” hobetzen dutela nabarmendu du aldundiak.
Gipuzkoan 1.700 dira basurde eta orkatz uxaldietan aritzeko baimena duten ehiztariak. Ehiza larriaren denboraldia apirilaren 13ra arte dago zabalik.