Gipuzkoako EAJ Goierrin dituen erronka politikoei aurre hartzeko estrategia lantzen hasi da
Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidente berria Goierriko hainbat herritako alderdikideekin elkartu da Beasainen.
Goierriko afiliatuekin eta elkarteekin lankidetza sustatu nahi du Gipuzkoako EAJk, “etorkizuneko plan eraldatzaile bat” prestatzeko helburuz. Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidente berriak topaketa bat egin zuen atzo iluntzean Beasaingo Batzokian Goierriko hainbat herritako jeltzaleekin.
Beasain, Ataun, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Urretxu-Zumarragako EAJren ordezkariei aurkeztu die plangintza Arrizabalagak, eta horrenbestez, Goierrin dituen erronka politikoei aurre hartzeko estrategia lantzeari ekin diote.
Hiru helburu nagusi zehaztu dituzte. Lehena, Gipuzkoako lehen indar politikoa izatea, “EAJren posizioa Gipuzkoako esparru politikoan indartuz”. Bigarren helburu bezala, “aldaketaren eta berrikuntzaren eragile izaten jarraitzea” jarri du. “Gizartearen behar berriei erantzuteko eta ikuspegi irekia mantentzeko konpromisoa” dute jeltzaleek. “Abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzutea” da hirugarrena, “ikuspegi euskaldun, ireki eta zabalago batetik lan egitea, modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka bilatuz”.
“Benetakotasuna eta errealismoa”
Gipuzko Buru Batzarreko presidente berriak “funtsezko zeregina” izango du prozesu horretan. Haren esanetan, gaur egungo politika globalean “populismoak eta demagogiak dakartzaten arriskuak nabarmenak” dira, eta Gipuzkoa ere ez dago salbu. “Are gehiago, fenomeno horiek polarizazioa eta desinformazioa sor ditzakete”. Horien aurrean, “benetakotasuna eta errealismoa” defendatu ditu Arrizabalagak, EAJren nortasun historikoa berrikuntza eta eguneroko lanarekin uztartuz.
Etorkizuneko ekintza-ildoak aztertu eta landu ditu GBBko buruak Goierriko EAJren ordezkariekin. Arrizabalagak konpromisoa hartu du gizarte, kultura eta ekonomia esparruetan “sare berriak” sortzeko, “etorkizuneko abertzaletasunaren ikuspegi irekia ardatz” hartuta.
Horrez gain, “herrigintza eraginkorra” egiteko beharra nabarmendu du, “epe motzeko arazoei erantzunez eta aldi berean ikuspegi estrategikoa izanez”. Batetik, Goierri indartu eta herrien txikien erronkei “erantzun egokia” emateko beharrari egin dio aipamena, eta bestetik, EAJren ikusgarritasuna eta abertzaletasuna suspertu eta dinamizatzeko ekimenak lantzeari.
Prozesu “proaktiboa”
Gipuzkoako EAJk abiatutako prozesua “proaktiboa” izango da, gizarteak dituen “erronka eta aukerei aurre hartzeko” asmoz. “Herria maitatuz, herritarrak errespetatuz eta sektarismoari mugak jarriz” lan egiteko konpromisoa adierazi du Arrizabalagak.